GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Juan Carlos Izagirre Hortelano

Igeldo: Zer gehiago egin daiteke?

Hamalau urte dira igeldotarrok udalerri bihurtzeko administrazio prozesua ireki genuela indarrean zegoen legea puntuz puntu betez (R.D. 1690/86). Epaitegietan bederatzi urte pasa ondoren, 2003an Madrilgo Auzitegi Gorenak bidea desblokeatzeko agindua eman zion Foru Aldundiari. Egun, bost urte eta erdiren buruan, oraindik ez du ezer egin. Zer dela-eta?

Bietako bat, edo ez dira gai, ez dakite, ergelak dira (eta ziur nago hau ez dela arrazoia), edo ez dute nahi. Eta, zergatik ez dute nahi? Ezagutzen ditugun interes batzuk daude agian, azaldu ez dituztenak. Baina, hala ere, beraien eginbeharra da! Zer agintari mota ditugu bada?

Ukatu ezina zera da, 1995ean hasitako administrazio-espediente bat itxi gabe dagoela eta, larriagoa dena, epai baten aurkako jarrera dela hau.

Non gelditzen dira gure eskubideak? Zer egin dezakegu orain? Hitz egin dugu, bilerak egin ditugu, eskatu dugu... eta ez digute kasurik egin. Inpotentzia besterik ez dugu sentitzen. Hedabideetara ere jo dugu, talde politiko guztiekin egon gara, protestaldi baketsuak ere egin ditugu, hainbat hiritar eta taldek gurekin bat egitea lortu dugu... ez alferrik!

Jo dezakegu bai, berriz ere epaitegietara, baina ulertuko duzue horretarako gogo eta indar falta izatea. Ezin ditu inork agintari arduragabe hauek beren lana egitera behartu? Isildu eta men egin behar al dugu? Ala bidezkoa da urrutiago joatea, beste urrats batzuk ematea? Itxi ezazue behingoz Igeldoko segregazioaren espedientea!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo