Patxi Izkoren prentsaurrekoa
Taldearen onerako elkartasuna eskatu du presidenteak
Iruindarrek hobera egiteko «talde eta denbora» badutela adierazi zuen Izkok. Patxi Puñalek, berriz, «behingoz irabazi» beharra nabarmendu zuen.
Arnaitz GORRITI | IRUÑEA
Bederatzi jardunaldiren ostean, Osasunak Lehenengo Mailako azken postuan jarraitzen du. Lau puntu baino ez ditu pilatu eta oraindik ez du aurreneko garaipena lortu. Entrenatzaile aldaketa, aldiz, onerako baino kalterako izan da talde iruindarrarentzat. Hala, ulergarria da nafarren artean egonezina eta etsipena nagusi izatea. Horren aurrean, «elkartasuna eta lasaitasuna» eskatu zituen Osasunako presidente Patxi Izkok, atzo emandako prentsaurrekoan.
«Taldearen egoera txarra da, baina derrigor hoberantz egin behar dugu. Puntuak behar ditugu, noski, baina hori baino gehiago, jokalarien, entrenatzailearen, zaleen, klubaren eta kazetarien artean erabateko sintonia, elkartasuna behar dugu. Zulotik ateratzea zaila izango da, seguru, baina denbora badago oraindik eta taldeak baditu behar beste baliabide. Eta aurrera aterako gara», esan zuen.
Talde gorritxoko mandatariak Gijongo Sportingek eta Getafek egindako aurrerakadak hartu zituen hizpide Osasunako zaleei lasaitasuna eskatzeko. «Gijongo Sporting-ek egin berri duen aurrerakada ikus dezakegu: mundu guztiak Bigarren Mailara jaisteko hautagai ikusten zuelarik, talde horrek bere amorru guztia atera du eta, beren taldeko estamentu guztien elkartasunaz baliatuta, aurrera ateratzen ari da. Iaz, berriz, Getafek bederatzigarren jardunaldian bost puntu baino ez zituen eta 47rekin amaitu zuen. Guk 42rekin nahikoa dugu. Baliteke hilabete barru egoera erosoagoa izatea», esanez amaitu zuen.
Aurretik, Jose Antonio Camacho entrenatzailearen gainean ere mintzatu zen Izko. Bere adierazpenen arabera, «Camacho animaturik dago. Futbolean izan daitezkeen egoera guztiak bizi izan ditu. Nire iritziz, estualdi hau gainditzeko kapaz da, eta gogotsu ikusten dut. Beraz, ziur nago gaindituko duela. Camacho lanerako etorri eta Osasunan inor ere ez dago sobera», esan zuen.
Hala ere, Jose Angel Ziganda bota izanaz damuturik ote dagoen galdetu zioten Izkori. «Ezta inola ere! Sekula ere ez dut atzerantz begiratzen», izan zen gorritxoen presidentearen arrapostua.
Behingoz irabazteko beharra
Patxi Izkok ez ezik, Patxi Puñal jokalaria ere prentsaren aurrera azaldu zen atzoko entrenamenduaren ostean. Haren iritziz, Osasunaren arazorik larriena «aurreneko garaipena iristen ez dela ikustea da».
«Jokalarien konpromisoa erabatekoa da egoera honi buelta emateko, baina sari oso txikia pilatu dugu bederatzi jardunaldi pasa ondoren. Honezkero garaipenen bat izatea espero genuen denok, horregatik gogor ari gara lanean behingoz garaipena lortzeko».
Etorkizunera begira zer sumatzen ote duen galdetzean, erdilari iruindarra oso baikor mintzatu zen. «Egoera zail gehiagori ere egin diogu aurre, eta orduan baino sentsazio hobeak ditut oraingoan. Beste askotan inori ezingo geniola irabazi uste izaten nuen, baina ez orain», aitortu zuen. «Taldea gogotsu ikusten dut, aspaldiko partez neurketa borobil bat jokatu eta zorte apur bat gehiago falta zaiona, besterik gabe».
Osasunak gol eskasia nabarmen nozitzen du, eta horren inguruan ere galdera egin zioten Puñali. Haren aburuz, «aurrelari onak ditugu eta, bada, golek iritsi behar dute. Kontua, agian, kalitatearen eta indarraren arteko erdibide bat aurkitzea izango da. Aurkariei beldurra sartu behar diegu».
Savo Milosevic, ex de Osasuna, piensa poner fin a su carrera futbolística cuando termine la actual temporada, que su actual club, el Rubín de Kazán, terminará como el campeón de Rusia. «Mi acuerdo con el Rubin termina al final de la temporada y son grandes las posibilidades de que este sea mi último año en la cancha», declaró Milosevic al semanario bosnio «Slobodna Bosna».