GARA > Idatzia > Kirolak > Real Sociedad

Puntuen garrantzia nabarmentzen dute donostiarrek, partida berezia izan arren

p035_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Bigarren urtez, Anoetak Realaren eta Eibarren arteko partida hartuko du larunbatean. Norgehiagoka berezia, dudarik ez, aurkari bien esanetan garrantzitsuena puntuak diren arren.

«Egia da egun polita dela, partida berezia, derbi guztiak bezala -onartu zuen atzo Mikel Gonzalezek-, baina hiru puntuetan pentsatu behar dugu, gainontzeko horretan gehiegi pentsatu barik». Jokalari txuri-urdinak esan duen eran, «joan den asteko hiru puntuek konfiantza gehiago eman ondoren, oraingoan ere hiru puntuak lortuz gero, goialdekoekin lotuko ginateke berriro». Are gehiago, partida Donostian jokatuko dela kontuan hartuta, igoeraren helburuari eusteko, Realak ezin baitu «etxean puntu gehiago galdu», Gonzalezen esanetan.

Norgehiagoka are bereziagoa izango da Markel Bergararentzat. Elgoibartarrak ez daki oraindik jokatuko duen ala ez, -Juanma Lillok ziurrenik gaurtik aurrera jarriko du lanean larunbatean arituko den hamaikakoa-; badaki, ordea, Eibar beti «maite» izan duen taldea dela, «bertan jokatu izanda, eta gertutasun hori edukita». Baina, taldekideek bezala, helburu bakarra izango du etzi: irabazten saiatzea. «Larunbateko hiru puntuek lasaitasun ukitu bat eman ziguten eta orain beste hiru lortu nahi ditugu».

Ez da izango erraza, erdilariaren ustetan, Eibar bera «dena ematera etorriko delako, guri jokatzen ez lagatzera. Eta baloia daukanean, jokalari onak ditu, jokatzen saiatzen direnak eta oso arriskutsuak izan daitezkeenak», gogorarazi zuen Bergarak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo