Lau eta Erdiko Txapelketa
Barriola eta Irujo, berriz elkarren aurka jokatzera kondenatuak
Iberokoak zintzotasun osoz onartu zuen, aukeran jarrita, nahiago zuela ligaxkako aurreneko partida Aimar Olaizolaren kontra jokatu.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Abel Barriolak eta Juan Martinez de Irujok goi mailako neurketa jokatuko dute datorren larunbatean, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, Lau eta Erdiko Txapelketaren finalerdietako ligaxkari hasiera emateko. Baina Aimar Olaizolak aurreko astelehenean Tolosan emandako itxura ikusita, ziurtzat jo daiteke biek nahiago zutela lehen jardunaldian goizuetarraren aurka jokatu. Hori ezinezkoa izango da eta, beraz, bi nafarrak elkarren aurka jokatzera «kondenatuak» izan dira.
Horren inguruan galdetuta, argi geratu zen beste behin Irujoren zintzotasuna, benetan pentsatzen duena ezkutatu ezina. Iberokoak bi aldiz pentsatu gabe onartu zuen Atanoko prentsa areto txikian Aimarren egoera fisikoa ikusita nahiago zuela lehen norgehiagoka haren aurka jokatu. Barriola, aldiz, askoz ere diplomatikoago aritu zen, lesionatuta egon ala ez, goizuetarraren dohainak goratuz.
Larunbateko partidara begira, argi gelditu zen beste faktorea bi pilotariek elkarri dioten errespetua izan zen. Irujo 2006ko txapelduna da eta finalean 22 eta 21 menderatu zuen Abel Barriola neurketa ahaztezin batean. Iaz, aldiz, Iberokoaren arazo fisikoek ligaxkan elkarren aurka jokatu beharreko partida bertan behera utzarazi zuten. Haiek denak gogoan, honela mintzatu zen Abel Barriola bere aurkariaren inguruan: «Sake ikaragarria dauka eta peloteoan abiadura handia ematen dio pilotari. Gainera, errekurtso askoko pilotaria da. Irabazteko defentsan oso ongi egon beharko dut eta tantoa amaitzeko aukera dudan bakoitzean jokaldia egiten saiatu»
Pilotei dagokienez, kontu aipagarri bakarra, Barriolak aukeratu zituen bietatik bat Cipriren pilota izan zela, aurtengo txapelketan lehen aldiz. Leitzako atzelariak 105,4 eta 106 gramoko bi pilota hautatu zituen. Irujok, berriz, pisu gehiagoko materiala aterako du larunbatean: 105,9 eta 106,3 gramoko pilotak.
Lehiaketa finalerdietan sartu den arren, ikusi egin beharko da zer-nola erantzuten duen jendeak larunbatean Atanon. Asegarcek Labriten jokatu nahi zuen, afizioak beti erantzuten baitu bertan, baina Iruñeko pilotalekua Frontisek hartuta zeukan aurrez. Izan ere, finalak alde batera utzita, zaila izaten da Donostiara jendea erakartzea eta badirudi larunbat honetan ere frontoia ez dela beteko.
Bi pilotariek gogoan dute oraindik 2006an Gasteizen elkarren aurka jokatutako finala. Irujok 22 eta 21 irabazi zuen partida eder batean.