GARA > Idatzia > > Kultura

Kanporaketetako giro ona gogoan ospatuko da Bertsulari Xapelketako finala

Azaroaren 15ean Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan ospatuko da Ipar Euskal Herriko lehen Bertsulari Xapelketako finala. Bertan izanen dira Sustrai Colina, Amets Arzallus, Maddalen Arzallus, Odei Barroso, Miren Artetxe, Ekhi Erremundegi, Xumai Murua eta Karlos Aizpurua Euskal Herriko Txapelketa nagusirako txartela lortzeko lehian. Parte-hartzea ziurtatua duten Amets Arzallus eta Sustrai Colinaz gain, lehen hirurek lortuko dute tokia lehiaketan.

p042_f01_204x112.jpg

Idoia ERASO | DONIBANE LOHIZUNE

Tenorea, ordua, une handia iritsi da. «Ereiteko tenorea, hizkuntzaren tenorea, bertsoaren tenorea» eta oraingoan, finalerako tenorea heldu da. Ipar Euskal Herriko lehen bertsolari txapelketako kanporaketek lortu duten arrakasta berriro lortzea espero dute Bertsularien Lagunek azaroan 15eko bertso saioan ere. Maialen Hiribarren antolatzaileak horrela azaldu zuen: «Kanporaketetan saio politak izan dira eta jende anitz bildu da, erronka hori lortu dugu. Orain ereiteko tenorea heldu da, besta izan dadin finalean».

«Helburua jendea biltzea da eta denei berriz etortzeko gogoa piztea, eta saio polita egitea», esan zuen Maddalen Arzallusek parte hartuko duten bertsolari guztien gogoa adieraziz. Izan ere, orain arte Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoko txapelketarik ezak bertsolaritzaren zaletasuna zalantzan jartzen zuen. Orain arte frogatu den zaletasun hori atxiki eta zaindu nahi dute. Horrela azaldu zuen Karlos Aizpuruak: «Helburu pertsonala baino, jendea bildu eta iparraldeko bertsolaritza bultzatu nahi dut eta txapelketa horretarako tresna izatea».

Odei Barrosok, bestalde, bertsozaleen nahiei ahotsa jarri zien: «Finalean denok saio ederra egitea nahi nuke eta jendea pozik ikustea». Sustrai Colina gizartearen gogoaz mintzo zen: «Euskal Herriko panorama gris honetan argi pixka bat emateko baliatuko dela espero dut».

Colinak saioaren nondik norakoak aipatu zituen sentimenduak azaltzean: «Hamazazpi bertso izanen dira eta denok izango ditugu momentu onak eta txarrak, finala hori da, momentu horiek kudeatzea».

Hamazazpi bertsoak horrela joanen dira. Binaka zortziko handi zein txikian hiruna bertso egin beharko dituzte gaia emanda, baita hamarreko txikian ere. Bestalde bakarka zortziko txikian lehen puntua emanda bi bertso egin beharko dituzte bertsolariek. Bukatzeko kartzelako gaia binaka egin beharko dute sei puntuko motzean, eta bakarka gustuko doinu eta neurrian gai jartzaileak esandakoaren araberako hiruna bertso.

Lehenengo hiru saioak

«Jadanik txapelketaren desafioa irabazi dugu. Toki eta adin guztietako jendea hurbildu da. Biziki emaitza ona da nire ustez», erran zuen Joana Itzaina gai jartzaile eta elkarteko kideak. Urdiñarben, Luhuson eta Donibane Garazin joan den hilabetean ospatu ziren txapelketako hiru kanporaketetan ikusleen parte hartzea lortu zela ere nabarmendu zuten finalerako tokia irabazi duten zortzi bertsolariek. Saio guztietan berrehun pertsona baino gehiago izan ziren, Zuberoan 250 eta Lapurdin 350 bertsozale inguru bildu ziren. «Iparraldean inoiz ikusi ez dudan saioa izan da, batez ere jendearen aldetik», baieztatu zuen Amets Arzallusek.

Jende kopuruaz gain, bertso saioetan orain arte izan den giroa ere izan zuten mintzagai bertsolariek zein antolatzaileek atzoko hitzorduan. «Sorpresa sekulakoa izan da, saioari eta giroari dagokionez batez ere, txapelketa aitzin egin lanarentzat opari handia da» izan zen Joana Itzaina antolatzailearen iritzia. Arzallus helduenak, bestalde, horrela azaldu zuen bigarren kanporaketan bizi izan zuena: «Finalean Luhuson izandako berotasuna egotea espero dut».

Finala besta osoa bilakatu dadin egun osoan zehar zerekin josta izanen da Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan. Ateak goizeko hamaiketan irekiko dira, eta eguerdi aldera Erein eta Bil ikastolak egindako bazkaria zerbitzatuko da. Saio nagusiaren ondoren ere Ziburuko Larzabal eskolak taberna irekiko du pilotalekuan.

BERTSOAK TRESNA

«Helburu pertsonala baino, jendea bildu eta iparraldeko bertsolaritza bultzatu nahi dut eta txapelketa horretarako tresna izatea», baieztatu zuen finalean bere tokia irabazi duen Karlos Aizpurua bertsolariak.

Fitxa

Tokia: Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekua.

Eguna: Azaroaren 15a.

Antolatzailea: Bertsularien Lagunak elkartea.

Sarreraren prezioa:

18 euro, 12 bazkideentzat eta 10 euro 5-16 urtekoentzat.

Finalistek kanporaketetan egindako saioak ikus daitezke Internetez

Finalerako tokia lortu duten zortzi bertsolariek kanporaketetan izan zen giro beroa, batzuen ustez, eta goxoa besteren aburuz nabarmendu dute. Egungo teknologiak hiru kanporaketetan izan ez ziren bertsozaleak bertaratzeko aukera eskaintzen du.

www. ibertsu.com web orrian Urdiñarbeko, Luhusoko eta Donibane Garaziko kanporaketak ikus daitezke. Sarrerak ere eros daitezke Internet bidez. Zuzeneko salmenta elkartearen egoitzan, Baionako Megadendan eta Mauleko Herri Ekoizpenean aurki daitezke, bestalde Kalaka, Xaia eta Xuriatea tabernetan ere bai. I. E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo