GARA > Idatzia > > Kultura

«Lau oinak emanda» argazki erakusketa ikusgai, Bilboko Zazpi Kaleetan

GARA | DONOSTIA

Lau argazkilarik bertsolaritzari buruz duten ikuspegia islatu nahi izan dute «Lau oinak emanda» erakusketan. Galder Izagirre, Gari Garaialde, Alberto Elosegi eta Raul Bogajo dira lau egileok. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak antolatuta, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren harira egindako ekitaldi osagarrietako bat da, eta argazkiak Bizkaiko hiriburuko Zazpi Kaleetako La Bolsa eraikinean izango dira ikusgai datorren larunbata bitartean.

Bakarra izan da lau artistei emandako gaia: bertsolaritza. Guztiz lan ezberdina egin du, ordea, bakoitzak. Aulkian zain dagoen bertsolariari, bertsoa bota aurretiko hausnarketa prozesuari edota mikrofonoaren aurrean kantari ari denari egindako argazkiak dira. Bertsolarien keinuak eta kartzelatik oholtzarako bidea ere ageri dira bertan. Zazpi lurraldeetako bertsolari bana aukeratu duenik ere bada.

Donostian «Hudaltzainak»

Bestalde, Donostiako Doka antzokiak funtzio bikoitza prestatu du gaur arratserako. Batetik, 20.30ean hasita, «Looking for Mister X» film laburra izango da ikusgai. Asier Hormaza, Isidoro Fernandez eta Ander Lipus dira protagonistak eta 1984an, Ipar Euskal Herrian Polizia espainiarrarekin izandako gertakari bat du hizpide.

Ondoren, Arkaitz Estiballes, Fredi Paia eta Etxahun Lakue bertsolariek «Hudaltzainak» emanaldia eskainiko dute. Bertsoa eta talde famatuen musika (The Police, Bob Marley, Hertzainak...) uztartuko dituzte, irudi proiekzioekin batera. Sarrera doakoa izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo