Laminen erreinutik gaurko egunera jauzi egin du Juan Kruz Igerabidek bere lan berrian
«Airearen eta ezerezaren tarte horretan» bizi diren izakiak ikertzen aritu da Juan Kruz Igerabide, eta ahozko tradizioan denboraren joanean iraun duten laminen istorioak idatzi ditu «Amilami» lanean.
Ariane KAMIO | DONOSTIA
Laminen munduan arakatze lanak egiten aritu da azkenaldian Juan Kruz Igerabide eta tradizioko pertsonaia horietako batekin topo egitea lortu du, Elena Odriozolarekin, hain zuzen. Berarekin elkarlanean aritzeko aukera eskaini zion, eta marrazkiak egiten aritu da laminen erreinuko figurak gure garaietara ekartzeko. Emaitza txukuna lortu dute biek eta «Amilami» du izena.
Igerabidek lamina baten istorioa kontatzen du bere lan berrian, baina ekintzan zehar, tradizio historikoan miaketa egin ostean aurkitu dituen kondaira ugari ere aipatzen ditu. Liburuaren izenak dioen bezala, Amilami da protagonista, eta txikia zenetik heldutasunera heldu arteko bidea azaltzen du. Baltzolako kobazuloan Sugoirekin (laminen erregea) biziko da eta, mitologiako hainbat testutan agertzen denez, esnea darien bularretatik edan nahi izango du, Amilami bertatik ihes egitera behartuz.
Ez-denboratik denborara
«Denboran egiten dut laminen ez-denborara, eta gure garaietara ekartzen dut», azaldu zuen atzo Igerabidek, eleberriaren aurkezpenean. Herri tradizioko poesia eta piezetara jotzen du Adunako idazleak eta, narrazioan zehar horien zita ugari egiten dituenez, testu osoak azken orrialdeetan bildu ditu.
Elkarrek argitaratutako lana Dona Dona haur sailaren barruan sartu duten arren, «helduek erraz irakurtzeko» liburua ere badela azaldu zuen Igerabidek. Haren ustez, egokia da helduek historia irakurtzea eta, ondoren, etxeko haurrei helaraztea, tradizioko narrazioak gaurko garaietara ekartzea baita obraren helburuetako bat. «Lamiek hizketa apustuak egiten zituzten aho korapiloen bidez, eta horrelako apustuak haurrek oso gustuko dituzte», zehaztu zuen.
Amilamiak benetan existitu ziren izakiak zirela azpimarratu zuen, eta Araban, Aguraindik gertu dagoen trikuharri bat aipatu zuen. Bere esanetan, Amilamiek sortua da hura, harriak eta zama astunak hartzeko ahalmena baitzuten. Bere lamina, Elena Odriozola, lotsati agertu zen prentsaren aurrean. Berak egin ditu liburuko ilustrazio guztiak eta, Igerabidek azaldu bezala, lanak «bi egile ditu, eta bi irakurketa paralelo eskaintzen dira», bata idatzia eta, bestea, marraztua. Odriozolak esandakoaren arabera, «askatasun osoa» izan du bere lana burutzerako orduan, eta ohikoak ez diren laminen irudiak marraztu ditu: «Badirudi laminek badutela irudi zehatz bat, eta ni hortik oso urrun ibili naiz. Momentuak irudikatu ditut nik, niri gustatzen zaizkidan momentuak».
Joxean Ormazabal editorea ere lagun izan zuten aurkezpenean eta azpimarratu zuen Igerabidek egindako «ahalegina» laminen tradizioa gure garaietara ekarri eta hura ezagutarazteko orduan.
Aurrez aipatu bezala, Dona Dona sailaren barruan kokatu du Elkarrek, bilduma horren helburua «ahozko tradizioa ezagutarazte eta gure egunetan txertatzea» delako, eta ipuin horrek «ondo betetzen du» xede hori.
Amilamiak «arearen eta ezerezaren tarte horretan» bizi direla azaltzen du Igerabidek bere lanean, eta, akaso hori egia izango da, izan ere, bera ziur baitago laminak benetan existitzen direla.
Izenburua: «Amilami. Laminen istorioak».
Egilea: Juan Kruz Igerabide.
Marrazkilaria: Elena Odriozola.
Argitaratzailea: Elkar.
Bilduma: Dona dona 6.
Orrialde kopurua: 184 orrialde.
Salneurria: 24,50 euro.