Beste mundu bat posible da, baina ez dago Obamaren esku
Barack Obamaren garaipenak interpretazio desberdinak eragin ditu, iragarri duen aldaketari dagokionez, AEBetan zein handik kanpo. Norainokoa izan litekeen, alegia. Haren aurkakoen ustez garaipen horrek garai txarra iragartzea, eta aldekoek esperantzarako motibo gisa ikustea da normalena. Hala ere, badira Obamari boza eman baina itxaropenerako tarte gutxi ikusten dutenak ere, presidente berriak erraztu litzakeen aldaketa txikiez gain, mundu bidegabe batean zenbait aldaketa barik beste mundu bat beharrezkoa ikusten dutenak, hain zuzen. Hartara, Obamaren garaipena ezkerraren itxaropena ere elikatzeko modukoa ote den, erantzun desberdinak eragingo bide dituen galdera da.
Goiz da Obamaren agintaldia epaitzeko, jakina. Nolanahi ere, eta onartuta aldaketa garrantzitsuak ahalbidetu ditzakeela -areago «Bushen aroa» delakoarekin alderatuta-, ezkerraren egitekoak ez luke inondik inora izan beharko Barack Obamaren eginak fiskalizatzea, horrek esan nahiko bailuke bere erantzukizuna, bere eginbeharra eskuordetua lukeela AEBetako presidentearengan. Obamak aldaketa agindu du, baina «aldaketa» hitzak «iraultza» esan nahi du, baina «erreforma» ere bai, eta haren programak ez zuen zenbait erreformatatik harantzagoko aldaketarik iragartzen. Ezkerrak, hartara, alde batetik eskuinaren presioa neutralizatzen ahalegindu behar luke, zalantzarik gabe, baina Bushek bezala orain Obamak ere mundu bidegabea ordezkatzen duela ahaztu gabe, funtsezko aldaketarik gabe halakoa izaten jarraituko duen mundua. Hauteskunde kanpainan errepublikanoek ezkertiar, sozialista eta gisako adjektiboak ezarri izan dizkiote Barack Obamari, hark inoiz agindu ez duena egotzita: aberastasuna banatu nahi duela. Horixe da, hain zuzen, mundu bidezkoago bat definitzen duten ezaugarrietako bat, trebetasun erretorikotik haragoko aldaketak eskatzen dituena.
Beste mundu bat beharrezko eta posible da, baina beste mundu hori beharbada ez dago Obamaren asmoan eta, edonola ere, ez dago haren esku. Horregatik ezkerraren benetako dilema ez da Obama bai edo Obama ez, baizik eta hark munduko lehenengo potentziaren presidente gisa ordezkatzen duen sistema bidegabearen alternatiba aurkeztea eta bideratzea. Ezkerraren itxaropena ezin da AEBetako presidentearen eskuetan utzi.