Presidenciales en EEUU
Erdibituriko etxea
Mikel ARAMENDI Kazetaria
Iragan ekainaren 16an bete ziren 150 urte Abraham Lincolnek «Erdibituriko Etxearen Hitzaldia» egin zuenetik. 1858ko hauteskundeetan errepublikanoen senatarigaia izateko onarpen hitzaldia izan zen. Eta Lincolnek, jada estatu hartako senatari demokrata zen Stephen A. Douglasen aurka hauteskundeak galdu bazituen ere, haren biografia politikorako ez ezik, Estatu Batuen historiarako ere geratu zen hitzaldia. Bi urte geroago bi aurkariek, eta beraien ikuspegiek, Etxe Zurirako lehian topo egin zuten berriro, eta Lincolnek irabazi zuen orduan. Eta jarraian, Sezesio gerra, Estatu Batuek inoiz jasan duten gatazkarik latzena (600.000 hildako, 300.000 zauritu; II. Mundu Gerran baino gehiago) piztu zen. Etxe hura erdibitzen zuen auzia beltzen esklabotza zen.
Springfieldeko jokaleku hartan bertan 2007ko otsailean lehendakaritzarako hautagai demokrata izateko asmoa iragarri zuenean, hautesleei ez ezik, historiari ere keinu sofistikatu bezain kontraesankorra egiten ari zen Barack Obama. Illinoiseko senatari zen (Douglasengandik hurbilagokoa, beraz, formalki), nahiz eta Lincolnen oinordekotzat agerrarazi duen bere buru beltza. Kanpainarako goiburutzat «Yes, we can» aukeratu zuenean, bestalde, bati baino gehiagori otu zitzaion «Erdibituriko Etxearen Hitzaldian» esandakoari erantzuten ziola: «A house divided against itself cannot stand». Egungo errealitatetik baino aurrekari historiko haren ikuspegitik argiagoa gertatzen zen hizkeran, etxe barneko batasuna posiblea dela errepikatuz eman du kanpaina, ildo ideologiko-politikoek eta interes materialek gero eta sakonago erdibitzen duten gizarte estatubatuarrean. Emaitzak hartzeko moduan datza, seguruenik, egungo erdibanatze horren adibiderik argiena: bere aldekoentzat, gerra eta anabasa egoeratik irteteko aukera bakarra izan da Obama; aurkarientzat, etenduraren hasiera. Inork ez du uste, mende eta erdi geroago historia errepika daitekeenik. Baina, itxura denez, ohartu ere inork ez du ohartu nahi gaur egun «etxea» mundu osoa dutela Estatu Batuek.