AEBen aire erasoak ezkontza batean zeuden 36 zibil hil ditu Afganistanen
Ameriketako Estatu Batuetako bonbardaketa batek ezkontza bat ospatzen ari ziren 36 zibil hil zituen atzo Afganistanen. Hildako gehienak emakumeak eta haurrak dira. Ezkongaia bera zaurituen artean dago. Hamid Karazai presidenteak gertatutakoa gaitzetsi zuen.
GARA |
Egun zoriontsua izan behar zuen atzokoak ezkongaientzat. Baina, AEBek airez egindako erasoak ospakizuna zapuztu zuen. Bonbardaketa Wech Baghtu herrian gertatu zen, Kandahar probintzian. Une horretan 90 lagun zeuden etxean ezkontza prestatzen. Horietatik 36 hil egin ziren. Beste 28 lagunek, tartean emaztegaia bera, zauriak izan zituzten. Beste hainbat harrapatuta gelditu zen hondakinen artean. Zaurituak Kandaharreko erietxera eraman zituzten.
Lekukoek adierazi zutenez, hildakoen artean gutxienez 23 ume eta 10 emakume zeuden. «Arratsaldean hasi eta gauerdiraino, sei edo zazpi bat etxeri eraso egin zieten. Gauerdian, estatubatuarrak herrian sartu ziren. Gizonezko guztiak etxeetatik atera eta eskuburdinak jarri zizkieten, baina triskantza ikusita, atzera kendu, eta zaurituak erietxera eramaten utzi ziguten», azaldu zuen Mullah Mohammad Asim apaizak.
Antza, bonbardaketa AEBetako soldaduen eta ustezko talibanen artean egon zen aurrez aurrekoren baten ostean gertatu zen. Hegazkinek inguru horretan erasora jo zuten, baita ezkontzara bildu senide eta gonbidatuak zeuden etxean jo ere.
Talibanen bozeramaile Mohammed Yousuf Ahmadik plazaratu zuenez milizianoek Kandahar eta Uruzgan probintzien arteko errepidea moztu, eta 13 soldadu hil zituzten. Haren hitzetan, taliban bakarra hil zen.
Estatu Batuetako Armadak ikerketa abian ipini duela esan zuen. Jeff Bender bozeramaileak senideei dolumina azaldu zien. «Koalizioak ordezkariak bidali ditu bertara egoera aztertzeko eta beharrezko erabakiak hartzeko», iragarri zuen.
«Operazioan errugabeak diren hildakoak egon badira, barkamena eskatzen dut», helarazi zuen, eta «inguruabarrak ez daude argi», gaineratu. Greg Julian koronelak «alboko kalteak» gertatu izana sentitzen zuela adierazi zuen.
Karzai presidenteak aire erasoa gaitzetsi eta zibilak hiltzeari uzteko exijitu zuen. «Afganistan bonbardatuz ezin da terrorismoaren kontrako guda irabazi», nabarmendu zuen.
Agerraldi berean, Barack Obama zoriondu zuen. «Afganistanera bakea eta bizitza ekartzea eskatzen diogu. Dei egiten diogu ere, izuaren aurka daramaten gudan aldaketak egitera».
«Washingtonek hemen duen soldadu kopurua handitu nahi badu, mugara bidali beharko lituzke, bereziki Helmand probintziara. Herri eta hirietan ez da beharrezkoa, terroristak ez baitaude gure herrietan. Haien baseak eta hornitze guneak deuseztatu behar dira. Eta horiek Pakistanen daude», argitu zuen.
«Nire ama, bi seme, bi biloba, hiloba bat eta lehengusina bat galdu ditut erasoan», adierazi zuen Roozben Khanek, emaztegaiaren aitak. Alaba eta beste sei senide zaurituta zeuden. «Senargaia bizirik dago, ez ordea haren gurasoak eta anaia», gaineratu zuen.