GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Zer esango du historiak Obamaz?

Historikoa. Izan ere, halaxe izan da Barack Obamaren garaipena. Garaipena, ezen, irabazi ezean, izango al genuke gogoan zenbait urte barru AEBetako presidentetzarako lehiara aurkeztu zen beltza? Nork du MacGovern gogoan? Errepublikanoa edo demokrata zen? Areago, nork du gogoan Kerry, orain dela lau urteko hauteskundeetan lehiatu zena? Al Gore, ordea, ezagunagoa da, baina ez Etxe Zuriko maizterra izatea lortzear izan zelako, bere hitzaldiengatik baizik eta, batez ere, hitzaldien prezioagatik.

Baina Obamak irabazi egin ditu hauteskundeak, eta Etxe Zurira iritsi den lehenbiziko beltza da. Baten batek esan duenez, beltza bai, baina musulmana ez. Aldeak alde, John Fitzgerald Kennedy lehendabiziko presidente katolikoa izan zen eta historiak lehentasunezko lekua eman zion... batez ere hil egin zutelako, eta haren heriotzak mitoa janztea erraztu zuen. Oso asmo onak omen zituen gizarte politikei dagokienez, baina areago nabaritu ziren haren eginak, hala nola Kubari ezarritako blokeoa, Vietnamgo gerra hastea... Nolanahi ere, Marilyn Monroek «happy birthday mister president» abestu ziolako gogoratzen dugu batik bat... Jendaurrean abestu ziolako, jakina.

Historiak lehentasunezko lekua eskaini die, halaber, gobernuburu izan diren emakumeei. Hor dira Golda Meir, Indira Gandhi... eta, batez ere, Margaret Thatcher, gizon (zakar eta bihozgabe) baten moduan gobernatu zuen emakumea, eta gaur egun bere fruituak munduan zehar zabaltzen ari den neoliberalismoaren azken fase oparoaren ordezkaria, Ronald Reaganekin batera. Eta Reagan hizpide, haren fobia antikomunista eta bere lagunen laguna -bere lagun diktadoreen laguna- izan zela alde batera utzita, gehienbat aktorea izan zelako da ezaguna, film gogoangarrien protagonista, hala nola... Eta beste asko.

Ez dut ukatuko Obamaren garaipenak arlo sinbolikoan eta soziologikoan duen garrantzia. Baina ezin dut sinistu mundua eraldatuko duenik, hala nahi nukeen arren. Eta, ikusitakoak ikusita, konformatuko nintzateke historiak AEBetako lehenbiziko presidente beltza izan zela besterik esango ez balu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo