GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Nafarroan Bushek irabazi du

Duela bi urte, bazirudien PSOEk fundamentalismo honetatik urruntzeko asmoa zuela, apalki bazen ere. Nafarroako PSOEren «PatxiLopezizazio» bat edo. Ez zen horrelakorik gertatu, alta, eta gaur egun PSOE erabat lerrotuta dago neoconen esparruan

Nik ez dut Obama batere maite, argi dezadan hasieratik. Ez dut ulertzen inperioaren subdito askorengan Obamaren garaipenak sorrarazi duen poza. Obamak estatubatuar inperioa amildegitik urrundu nahi du, eta nik inperio hori amildegitik behera erortzea nahi dut.

Hau esanda, Bush ezagutu dugu, eta zorioneko berria da bere porrota. Estatubatuarrek errepublikanoen kontra bozkatu dute, batez ere ekonomia alorrean gauzak oso gaizki egin dituztelako eta inperioa gaizki kudeatu dutelako. Neocon deituriko eskuindarrek jaso duten kolpea noraino iritsiko den ez dakigu, baina ondorio sakonak ekarriko ditu. Ideologian zein formetan inperioak aldaketari ekin beharko dio, munduari beste aurpegi bat eskaintzeko. Betikoa egiteko, jakina, baina beste estilo batez.

Nafarroan ez zen Obama eta McCainen artean aukeratu behar. Agian Sanzi gustatuko litzaioke jendeak bera Obamarekin identifikatzea eta Rajoy McCainekin, orain egokitzen baitzaio UPNri PPren iruditik aldentzea. Nik aipatu nahi dudana, berriz, ez da hori. Hemen neocon-en garaipena erabatekoa da. Bertako neo- con(tserbadore)ak ultraespainolistak dira. «Navarra foral y española»ren aldekoak.

Bertako neoconen iruzur nagusia Nafarroaren defentsa da. Beraiek Nafarroa zaintzen dute euskal espantsionismoaren kontra. Nafarroa espainiar eta frantziar espantsionismoari esker pasa da estatu independente izatetik gaur egungo menpekotasun egoerara, baina hauek Euskal Herriaren nazio egitasmoan ikusten dute mehatxua.

Neocon hauek nagusitu dira berriz ere Nafarroan. Duela bi urte, bazirudien PSOEk fundamentalismo honetatik urruntzeko asmoa zuela, apalki bazen ere. Nafarroako PSOEren PatxiLopezizazio bat edo. Ez zen horrelakorik gertatu, alta, eta gaur egun PSOE erabat lerrotuta dago neoconen esparruan. Edozein aldaketari bidea ixten dion esparruan, hots. Horregatik diot Nafarroan Bushek irabazi duela.

Nafarroan ez dago bertako pentsamendu neocona kolokan jartzeko asmorik. Ez bederen parlamentuan dauden alderdien aldetik. Oso esanguratsua da ustezko oposizioaren neoconen blokeari aurre egiteko ausardia eza. Nafarroa Baik nafar jendartea astintzeko moduko hauteskunde emaitzak lortu zituen arren ez du benetako lehiarik zabaldu nahi.

Penagarria da neoconekiko menpekotasun ideologikoa. Ikusi dugu Opusen unibertsitatearen kontrako atentatuaren kasuan. Nork bere ideiak izanik ere, ulergarria da Nafarroa Baik atentatua salatzea, hori baita bere ildoa, baina, neoconen mezuarekin bat egitea! Nafarroako Parlamentuak onetsitako testuan esaten da Opusen unibertsitatea Nafarroako zientzia eta ikerketa mailako adierazpen ikur nagusietariko bat dela. «Diario de Navarra»k esaten zuen XX. mendeko bigarren erdialdean Opus izan dela Nafarroaren garapenaren eragile nagusia. Hau da neocon pentsamendua: sekta fundamentalista baten apologia hutsa. Eta NaBaikoek zein IUkoek mezu hori bereganatu dute. Nonbait, ez dira gai atentatuaren kontra agertzeko neoconen ideiak errepikatu gabe.

Bai, Bushek irabazi du Nafarroan. Ai ene!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo