Adolfo Arejita Euskaltzain osoa
Karmelo Etxenagusia gogoan
Karmelo Etxenagusia (Iurreta 1932) hil zen herenegun, 2008ko azaroaren 6an, gaixoaldi baten ondoren. Bilboko gotzain laguntzaile izan zen iaz arte eta Euskaltzaindiari aspaldidanik atxikia: euskaltzain laguntzaile 1965etik eta ohorezko 1998az geroztik.
«Euskerea nire bizitzan» (2003) bere azken liburuan kontatzen du prosa paregabean idatzirik autobiografia labur bat, batez ere euskararekiko izan duen gaztetatiko atxikimendua zehaztasun handiz azaltzen duena. Iurretako semea, etxeko euskara berezko eta aberatsaren jabe, txikitatik zuen euskararekiko zaletasuna, eta abadegai zela hasi zen afizio hori lantzen liburuak irakurriz.
Derioko Seminarioan euskara irakasten aitzindari izan zen 60ko hamarkadan, eta ikasle belaunaldi ugarik jaso ditu bere eskolak. Euskara ikasteko bibliografia gutxi eskura zegoen aldian, literaturaren bidea hautatu zuen hizkuntza era atseginagoan ikas zedin. Hartarako prestatu zituen «Euskal idazleen lorategiak», bizkaierazkoa lehenik (1965) eta gipuzkerazkoa hurrengo (1967).
1970ean Derioko Udako Euskal Ikastaroa sortu zenean, udaro hango irakasle izan zen hogei urtez eta beste antologia bi atondu zituen: «Euskal idazleak bizkaieraz» (1980) eta «Iparraldeko euskal idazleak» (1988). Horretara biribildu zuen euskara literatura bidez lantzeko irakasbide osoa, beti ere «dakigunetik ez dakigunera» lelopean zetzan metodologiari jarraituz.
Literaturaren irakaskuntzan testurik bikain eta atseginenak hautatzen zituen, jera hobea egiten ziola poesiari hitz lauzkoari baino; are gehiago kanturako egokitua bazen.
Liturgia liburuen bizkaierazko bertsioetan ere ezagun izan da Etxenagusiaren lumaren ukitua, hala nola pastoral eta beste, Elizbarrutiko idazki ugarietan.
Hizlari bikaina ere izan da, hizkera leun, gozo eta aberatsaren jabe.
Bizkaiko euskara jatorra hurretik ezagutu nahi duenak irakur beza goian aipatu «Euskerea nire bizitzan» liburuaren lehen kapitulua, euskarazko hitz lauzko antologietan finkatzeko modukoa.