«Taldea ondo helduko da derbira, bai adorez, baita jokoz ere»
EIBAR TALDEKO JOKALARIA
Lasaitasun eta minutu bila etorri zen Eibarrera, Bilbotik kilometro gutxira, baina Athleticen bizitako esperientziatik oso urrun dagoen talde batera. Gaur, hala ere, ondo ezagutzen dituen sentsazioak berreskuratzeko aukera izango du, Anoetan jokatuko den derbian. Agertokia nolabait aldatu da,
Bigarren Mailako partida baita; Tikoren helburua, berriz, Reala gainditzea izango da berriro ere.
Amaia U. LASAGABASTER |
Osasunarekin ezin izan zuen Realaren aurkako derbirik jokatu, baina ondoren eskarmentu galanta pilatu zuen Bilbon. Hamaika derbitan parte hartu zuen, eta bost gol sartu zituen kamiseta zuri-gorria jantzita. Gaur esperientzia hori errepikatzea espero du Tikok, agertokia aldatu bada ere.
Nola joan da astea? Benetan berezia da ala hori kazetariok erabiltzen dugun topiko hutsa da?
Gogotsu gaude derbia jokatzeko, egia baita berezia dela. Azken batean, derbi bat da eta horrek beti pizten du ilusioa. Beharbada, gehiago irakurtzen dituzu egunkariak, giroa nolakoa den ikusten duzu... Baina egia da, bestalde, partida gainontzekoak bezala prestatzen duzula, finean, futbol partida bat baita.
Orain arte Athleticekin jokatu dituzu derbiak. Era berean bizi al dituzu Bilbon eta Eibarren?
Desberdina da. Beharbada, Athletic-en eta Realaren arteko derbiak Lehen Mailakoak zirelako eta horrek traszendentzia gehiago ematen diolako, batez ere komunikabideetan; baita historian zehar gehiago jokatu dutelako eta, beharbada lehia handiagoa dagoelako... Bilbon gehiago nabaritzen da, baina Eibarren ere badakit zaleak gogotsu daudela, bai Donostiara joateko, bai partida polit bat ikusteko eta baita, batez ere, irabazteko ere.
Esadazu egia, Bilboko lagunek deitu al dizute aste honetan animoak emateko?
Guk irabaztea nahiko dutela suposatzen dut baina, egia esan, ez, ez didate deitu.
Hori guztia, zaleak, deiak, giroa... partida hasitakoan ahazten al duzue?
Bai eta ez. Behin partida hasita, normalean alde batera uzten duzu zelaitik kanpo dagoena. Baina partida garrantzitsua dela ere sumatzen duzu. Azkenean Anoeta oso estadio polita da, Bigarren A mailako politenetarikoa; Reala daukazu aurrean, Euskal Herriko talde onenetarikoa... Egun desberdina dela nabaritzen da.
Nola ikusten duzu Reala?
Aurten ere goialdean ibiliko dela uste dut. Ikusten da baloia edukitzen saiatzen den taldea dela, beharbada iaz baino aukera gutxiago sortzen ari badira ere. Baina talde arriskutsua da eta are gehiago bere zelaian. Hala ere, guk argi daukagu lehenbailehen mantentzea lortzeko, etxetik kanpo puntuak lortu behar ditugula. Helburua argi dago, beraz.
Nola helduko da Eibar derbira, adorez eta jokoz?
Ondo, bai adorez eta baita jokoz ere. Egia da igandean aukera ederra izan genuela partida irabazteko eta ez genuela aprobetxatu eta, ildo horretan, puntuei dagokienez orain arteko bolada ez da oso ona izan. Baina jokoa, sentsazioak, nahiko onak dira. Eta ziur nago horrela jarraituz gero emaitza onak ere etorriko direla.
Golak sartzea da taldeari falta zaion gauza bakarra?
Guri eta beste hainbesteri. Finean, futbolaren alderik zailena da, horregatik ordaintzen da hainbeste aurrelariengatik. Guk, behintzat, aukerak sortzen ditugu; orain aukera horiek baliatzen ahalegindu behar dugu.
Zuk badakizu derbietan «tikotazo» famatu haiek sartzea zer den. Errepikatzeko irrikaz egongo zara.
Irrikaz nago golak sartzeko eta Eibarrekin garaipenak lortzeko eta, egia esan, berdin zait horrelako golak izatea ala ipurdiarekin sartutakoak. Azkenean, puntuak lortzeko balio dutela da garrantzitsuena.