«Euskaraz Bai» aldarrikatzeko, 29an jaialdia izango da Mendizorrotzan
Kontseiluak hamar urte bete ditu aurten, eta urtemuga honen kariaz, «Euskaraz Bai» adierazpena plazaratu eta abenduaren 13an ekitaldi jendetsua ospatuko du BECen. Aurretik, dena den, Gasteiz eta Arabako euskaltzaleek hitzordua dute Mendizorrotza kiroldegian.
Iker BIZKARGUENAGA |
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua sortu zenetik hamar urte bete dira aurten eta, urtemuga honi helduta, hainbat ekimen antolatu eta «Euskaraz bai» adierazpena plazaratu du Kontseiluak, euskararen egoeraren gainean gogoeta sakona egitera bultzatzen duena. Gasteizen, Euskal Herri osoan bezala, manifestu honi atxikimenduak biltzeko lanean ari dira hiriko euskaltzaleak, eta, honekin batera, jaialdi handia antolatu dute heldu den 29rako Mendizorrotzako kiroldegian.
Horren guztiaren berri eman zuten atzo, hedabideen aurrean, Gasteizen euskalgintzan lanean aritzen diren hainbat eragiletako ordezkariek, eta dei egin zieten hiriko eta Araba osoko euskaltzaleei euskararen aldeko hitzordu honetan parte hartu eta Mendizorrotza bete dezaten.
«Momentu hau `Euskaraz bai' adierazpenari atxikimendua emateko momentua da» adierazi zuten, eta horretarako modurik onena nork bere lagun, koadrila edo lankideekin argazki bat atera eta info@euskarazbai.org helbidera igortzea dela azaldu zuten.
Eskubidea ez dago bermatuta
Prentsaren aurreko agerraldian, Gasteizko euskalgintzako ordezkariek gogora ekarri zuten duela 30 urte, euskaldunok «`Bai euskarari' esan genuela lau haizetara», eta bi hamarkada geroago, Euskal Herriko bost estadiotan «`Bai euskarari' indartsu bat atera genuela milaka euskaltzalek».
Orain, «Euskaraz Bai» esateko ordua dela uste du Kontseiluak, eta nabarmentzen du azken urteetako lanari esker «euskararen aldeko jarrerak bilakaera baikorra» izan duen arren, euskal hizkuntzaren garapena «nahi baino mantsoago» ari dela gertatzen. Izan ere, manifestuan aipatzen denez, «euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidea ez dago bermatuta, eta nabarmenak dira egunero sortzen diren ezintasunak».
Horren guztiaren aurrean, Kontseiluaren iritziz, ezinbestekoa da euskararen berreskurapen-prozesua azkartzea, hau da, «egun euskara ez dakitenek ikastea, eta, erabilera esparru eta eremu berrietan handitzea, eperik laburrenean». Horrez gain, beharrezko ikusten du «funtzio sozial guztiak euskaraz egiteko aukera lehenbailehen lortzea» ere, eta euskara «lehentasunezko hizkuntza izatea». Hau lortzeko, lan politiko-instituzionala eta lan soziala bideratu behar direla gaineratu du.
1988ko azaroaren 7an abiatu zuen Euskal Herria Irratiak bere ibilbide oparoa, eta hau ospatzeko hitzordua izan zuten atzo irratiko langile eta entzuleek. Lizentziarik gabe, laguntzarik gabe, baina irmo eta kontent, beti aurrera, hau izan da orain artekoa, egunero milaka eta milaka entzulek txalotu eta eskertu dutena. Zorionak.
«Euskaraz Bai» adierazpenari atxikimendua emateko lagun talde, koadrila edo lankideen argazkia info@euskarazbai.org helbidera bidaltzeko eskatu zuten.