GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Marka saiakera

Aimar Irigoienek erronka bikoitza izango du Amezketan

Errezildarrak bi harri traketsekin egin beharko du lan. Hasteko, plazan sekula ikusi ez den Antziko Harria jasoko du, eta gero, berriz, Albizuri Handia.

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Aimar Irigoienek erronka bikoitza izango du bihar eguerdian 13.00etatik aurrera Amezketan egingo den jaialdian. Errezildarrak bi harri traketsekin egin beharko du lan. Hasteko, Antziko Harriarekin, eta gero Albizuri Handia harriarekin.

Gaur egun Euskal Herriko plazetan dauden harri berezietan ezagunenetakoa da Albizuri Handia. Berari buruz asko hitz egin da, eta asko izan dira hori jaso ahal izan ez dutenak. Aimarrek 16 urte zituela lau aldiz berdindu zuen bizkarraren gainean 166 kiloko harri trakets hau, hamar minutuko txanda batean. Biharkoan orduko marka hautsi nahi du. Orduan baino denbora gutxiagoan lau jasoaldi eman eta gero orduan baino bat gehiago jaso. Horretarako erlojuz kontra arituko da kirolari errezildarra.

Aurretik, ordea, beste harri baldar batekin arituko da, Antziko Harriarekin, alegia. Harri trakets honek 140 kilo ditu, eta berezia da hau ere. Amezketara ekarri berria dute, eta Aralar-en egon da urtetan eta urtetan. Han, gainera, saiakerak ere jende ugarik egin ditu, eta badirudi hango artzainen artean lehiak ere izaten zirela. Kirolari bat baino gehiagok bizkarreratu du harri hau , baina orain arte plaza batean ez du inoiz inork jaso, orain arte sekula ez baita harri hau plaza batean egon. 3 minutuko txanda bat egingo du errezildarrak, eta erakustaldi moduan egingo badu ere, hemendik aurrera berak egindako lana izango da askorentzat erreferentzia.

Amezketara doazenek, ordea, ez dute izango harriaren inguruan ikusiko duten ekitaldi bakarra. Bertan harri-zulatze saio bat ere egingo da, eta Arboleda, Jaizubia, Altzo eta Amezketa neurtuko dira. Berri ona da, izan ere, Altzok bigarren saioa izango du. Bere herriko jaietan egin zuen bat, eta bihar bigarrena izango du. Amezketa, berriz, lehen aldiz aterako da plazara. Ez dakigu bi talde hauek aurrera egingo duten edo ez, baina berri ona da plazetan ikustea.

Beste ekitaldiak

Bihar bertan beste ekitaldi garrantzitsu bat ere izango da, baina hau Bilbon, 12.00etatik aurrera, Esperantza pilotalekuan. Bertan Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako Kopako finala jokatuko da. Ligan Nazabal izan da txapelduna, baina berarekin batera ondorengo geratu ziren beste hiru aizkolariak ere lehiatuko dira. Bertan izango dira, beraz, Arrospide, Lopez, Nazabal eta Larretxea ere. Kirolari bakoitzak lan ezberdinak egin beharko ditu.

Bihar, 18.00etan, Ahetzen, Ipar Euskal Herriko trontzalarien txapelketa mistoa jokatuko da. Lannie-Narp, Ibarburu-Arbenoitz, Obando-Capitain, Puevail-Goienetxe, Iriarte-Sanchez lehiatuko dira. Bikote bakoitzak 45 ontzako enborrari hamar epai emango dizkie etzanda, eta, ez da trontza amerikarrik erabiliko.

Antziko Harria

Harri baldar hau Aralarren egon da orain arte, eta Amezketara ekarri berri dute. Kirolari batek baino gehiagok jaso omen du, baina plaza batean errezildarrak jasoko du lehen aldiz

Aurrekoa ondu

Albizuri Handia harri ospetsua Aimarrek 16 urterekin jaso zuen lau aldiz. Orain orduan baino jasoaldi bat gehiago eman nahi dio, ordukoan baino denbora tarte laburragoan

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo