Atez ateko bilketa sistema Usurbilen
Herriak herriarentzat eraikitako sistema
Maider EIZMENDI
Aspaldi honetan Usurbilgo kale bazter, denda eta tabernetan hizketagai nagusi bilakatu dira nork bere etxean pilatzen dituen hondakinak. Ez da harritzekoa, datorren urtean horiek etxean txukun sailkatu eta dagokien modu eta tokian utzi beharko dituzte usurbildarrek, orain artean birziklatu ez diren hondakin organikoei arreta berezia eskainita. Atez-ateko bilketa sistema jarriko dute Gipuzkoako herri honetan epe motzean.
Atez ateko esperientziak ezagutzeko, San Markoseko eta Debagoieneko mankomunitateetako udal ordezkariek urte hasieran Kataluniara eta Mallorcara egindako bidaian, bertako agintarien aholku ugari jaso zituzten. Tartean, garrantzitsuena akaso, herritarren parte-hartzea sustatzeko premiarena. Izan ere, atez ateko bilketa sistemaren arrakasta herritarren konpromisoan dago neurri handian, eta hori bultzatzeko aproposena sistema bera lantzeko orduan haien parte hartzea bideratzea da, dudarik gabe.
Hori ulertuta, Usurbilgo Udalak orain bi aste pasatxo, herritarrak informatu eta euren iritzi eta ekarpenak jasotzeko kanpaina jarri zuen abian. Gaur Zubietan -Gipuzkoako Foru Aldundiak errausketa planta eraiki nahi duen tokian- egingo den batzarrarekin emango diote amaiera bigarren bilera sortari. Gustura daude udal ordezkariak kanpainaren nondik norakoekin, herritar askok parte hartu dutelako eta jarrera aktiboa erakutsiz gainera, kezkak azalduz eta proposamenak luzatuz.
Iragan astelehenean, Sutegi kultur etxean egindako batzarra horren adibide izan zen. Udaleko ordezkari eta teknikariek aurreko bilera sortan jasotako ekarpenen berri eman zuten, eta haien saioa bukatu bezain laster hasi ziren bertan bildutako herritarrak galderak egiten eta kezkak agertzen. «Eta norbaitek birziklatu nahi ez badu?». Helburua ez da hasiera batean behintzat inor derrigortzea, baina sistemak funtzionatuko badu, beharrezkoa da bizilagun guztien parte-hartzea bermatzea. «Erosoa da, beste sistemak baino erosoagoa. Kontua izan behar da zaborrak bereizteko, baina ate ondoan jasotzeak baditu abantailak». Horixe Usurbilgo Udalean aholkularitza lanetan ari den Jordi Colomerren erantzuna. Galderak eta iradokizunak bata bestearen ondotik iritsi ziren.
Bilketa egunez egitea erabaki dute
Usurbilgo Udalak proposatzen duen eredua lau puntu nagusitan sostengatzen da. Herrigunean atez ateko bilketa jarriko dute abian, hondakinen frakzio bakoitza egun eta ordu zehatzetan jasoz. Hasiera batean, gaueko bilketa proposatu bazuten ere, herritarren eskaera izan da goizeko 06.30etik 09.00ak bitartean hondakinak uzteko aukera izatea, «erosoago zaielako». Ordutegi horretara moldatu ezin duenak berriz, herrian barna jarriko diren «larrialdi guneetan» uzteko aukera izango du, txartel baten bidez.
Landaguneetan autokonpostajea bultzatuko dute hondakin organikoei dagokienez, gainerakoak, berriz, «larrialdi guneetan» utzi beharko dituzte.
Zubietan oraindik ere ikusteko dago. Hasieran «Garbitxiki» bat jartzeko asmoa zegoen, baina atez ateko bilketa ere ez dute baztertu. Azkenean, bizilagunek erabaki beharko dute aldekoak eta kontrakoak aztertu ostean.
Sistema honek komertzioak eta industriak sortzen dituen hondakinak ere aintzat hartzen ditu, eta pisuaren eta jasotze aldien baitan ordaindu beharko dute. Hau da, zenbat eta zabor gehiago sortu eta gehiagotan biltzeko eskatu, orduan eta gehiago ordaindu beharko dute. Hala, aste honetan bertan egin den bileran, oraindik ere hausnartu beharra dutela adierazi dute sektore horietako ordezkariek.
Bileratan aztertzen ari diren gaien artean dago, esate baterako, kaleko zaborrontziekin zer egin. Aukera bi ari dira hausnartzen: guztiak kentzea edota zaborraren frakzio ezberdinak jasotzeko aukera ematen duten zaborrontziak jartzea. Zalantza eragiten duen aukera lehena, garestia bigarrena.
Herritarren artean ardura nabarmena da. «Komeria ederrak izango ditugu hau martxan jartzen denean». Gisa honetakoak entzun zitezkeen Sutegiko atearen ondoan. Larritasuna eta jakin-mina bai, baina atez ateko bilketa martxan jarriko duen lehendabiziko herria izateak «harrotasuna» ere eragiten die eta hori ere nabaria da: «Ondo baino hobeto ikasi beharko dugu zer egin behar den, aurrenekoak izanda gaizki hastea besterik ez zaigu falta».
Herritarrei, orain artean egin duten bezala, errauste-plantaren aurka eta hondakinak kudeatzeko alternatiben alde lanean jarraitzeko gonbita luzatu zieten atzo Peio Gaskon eta Gabi Isasa ezker abertzaleko ordezkariek.
Donostian egindako agerraldian gogor kritikatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera: «Urte luzez San Markoseko zabortegia kiratsez eta kutsaduraz bete duen hiri-hondakinen kudeaketa bultzatu du; orain, berriz, Markel Olano, ahaldun nagusiak, Carlos Ormazabal diputatuak eta enparauek Zubietako errauste-planta kutsakorra dute helburu».
Gogora ekarri zuten, gainera, datorren urtean eraikitze lanekin hasteko asmoa azaldu dutela, «herriaren borondatearen eta herritarren osasunaren gainetik». Ildo horretan, salatu zuten egitasmo hau ezker abertzaleari botoa eman zioten 72.000 gipuzkoarren aurkako apartheid-ari esker daramatela aurrera.
Ezker abertzaleak, ordea, zabor kudeaketarako bestelako eredu bat landu duen bakarra izan dela gogorarazi eta sistemarik egokiena, material organikoa ere kontuan hartuko duen atez ateko bilketa dela nabarmendu zuten, hau baita, euren iritziz, «osasunarekin eta ingurumenarekin bat egiten duen konponbidea» erdiesteko modu bakarra.
Ahotan hartu zuten Usurbilen abian jartzekotan diren eta lantzen ari diren kudeaketa modua. «Usurbilen martxan jarriko den eredua ez da hor bukatzen, ez da `esperientzia pilotu' deitzen duten horietako bat; Usurbilen martxan jarriko den eredua gainerako herrietako erreferentzia izango da».
Kritikatu zutenez, Foru Aldundiko arduradunek birziklatzearen eta konpostatzearen aldeko apustua egiten dutela diote, baina bien bitartean Zubietan errauste-planta eraiki ahal izateko milioika euro bideratzen dituzte. «Zein arrazoi du Gipuzkoako Foru Aldundiak birzikla daitezkeen materialak erretzeko, atez ateko bilketak halako emaitzak lortu dituenean?», galdegin zuten, sistema honekin birziklatze tasak %20tik %80ra igotzeko aukera dagoela gogora ekartzearekin batera.
625
de primates son las que en todo el planeta están a merced del primate más abundante, el ser humano. Simios, monos y lemures corren serio peligro.