GARA > Idatzia > > Mundua

Bertan behera utzi dituzte frankismoak eraildakoen hilobien azterketak

Baltasar Garzon epaileak frankismoaren biktimen hilobiak aztertzeko eman zuen baimena bertan behera utzi zuen atzo Auzitegi Nazional espainoleko Zigor Aretoak. Honen ustez, ikerketa horiek ez dira premiazkoak eta ez dago argi Garzonek hori erabakitzeko eskumena duen.

GARA |

Auzitegi Nazional espainoleko Zigor Aretoak, Baltasar Garzon epaileak frankismoaren garaiko biktimen hilobietatik gorpuak ateratzeko emandako agindua indarrik gabe utzi du behin-behinean.

Aretoak Fiskaltzari arrazoia eman dio. Honek, Garzonek hilobiak aztertzeko emandako agindua epaile horrek gai hori aztertzeko eskumena duen ala ez erabaki aurretik eman duela nabarmendu zuen. Horrekin batera, gorpuak hilobietatik ateratzea «ez dela premiazkoa» gaineratu zuen Fiskaltzak.

Garzon gaixo dago, eta bere ordezko Santiago Pedraz epaileak, ostegunean, Federico Garcia Lorca olerkari andaluziarraren hilobitik gorpuak ateratzeko lanetan senideek bertan egoteko eskubidea zutela erabaki zuen.

Granadako hilobi horretaz gain, Garzonek Francisco Franco jenerala lurperatuta dagoen Madrilgo Valle de los Caidos delako basilikan dauden bost errepublikanoren gorpuak bertatik ateratzeko agindua eman zuen. Nafarroako Ezkaba mendian dagoen hilerrian ere ikerketak egitekoak ziren.

Zigor Aretoak baina, Pedraz en eta Garzonen aginduak betez gero, «beste batzuei konpontzeko zail izan daitezkeen kalteak eragiteko arriskua» dagoela argudiatu du debekua ezartzeko.

Biktimak, etsituta

Granadako Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkarteak (ARMH) etsipenez hartu zuen Auzitegi Nazionalaren erabakia. «Biktimak zigortzen jarraitzeko asmoa dutela dirudi, oraingoan senitartekoen aurka eginez», adierazi zuen ARMHko presidente Francisco Gonzalezek. «Lurperatze duin bat izan dezaten biktimak non dauden jakin nahi dugu», gaineratu zuen Gonzalezek.

marbella

Hilobien auziaren gainean erabakitzeko premiazko bilera zela eta, atzeratu behar izan zuten Marbellako ustelkeriaren aurkako epaiketa. Atzo, Julian Muñoz alkate ohiak deklaratu behar zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo