GARA > Idatzia > > Ekonomia

Prud'Hommes bozetan egindako lanaren uzta jasotzea espero du LABek

Arantxa MANTEROLA |

Abenduaren 3an hautatuko dira Lan-Auzitegiko Prud'Hommes kontseilariak. Bigarren aldia izango du LABek, duela sei urte 2.000 boz eta hautetsi bat lortu baitzituen. Oraingoan, sei urteotan egindako lanaren emaitza jasotzea espero dutela esan zuen atzo, Baionan, Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak.

Sindikatuaren proiektua nazionala den heinean, hauteskundeok «LAB osoarentzat erronka» direla eta «Ipar Euskal Herrian errotuta dagoen proiektu sindikala dela» frogatuko dutela gaineratu zuen: «Ipar Euskal Herriko langileak erabakiko dute LABek duen indarra, finean, beraiek ematen diotena izango baita. Sindikatua, tresna bat da».

94 hautagai

Bi barrutitan eta bost sailetan -industria, merkataritza, koadroak, laborantza, eta aktibitate anitzak- aurkeztuko da LAB. Baionakoan 50 hautagaik osatuko dute zerrenda, horietatik 26 emakume. Pauekoan, berriz, 44 hautagaietatik, erdia emakumezkoak dira. «Berdintasun legerik ez da aplikatzen hauteskunde hauetan baina gure helburuekin koherente izan nahian, zerrendetan emakumeen presentzia zabala izatea deliberatu dugu», adierazi zuen Jeronimo Prietok.

Bestalde, gogorarazi zuen, langile okzitaniarren laguntzarekin, Pauen aurkeztuko direla «Zuberoko langileei LAB bozkatzeko aukera eskaintzearren».

Egungo «testuinguru politiko eta ekonomiko berezia» aipatu zuen Prietok: «Gaur bizi dugun egoera kezkagarria da oso langileentzat eta, gainera, okerrera egingo du seguru asko. Sistema baten porrota eta erokeria bizitzen ari gara, ohi bezala, langileok gara pairatzen dugunak. Alta, gobernuak sistema aldatzea baino birmoldatzea du helburu eta finantzariei laguntzen die».

Maider Etxoan (Jarduera Anitzak), Maider Duhalde (Laborantza), Heren Muruaga (Industria), Peio Etxeberri-Aintxart (Koadroak) eta Jeronimo Prieto bera (Merkataritza) izango dira LAB-en zerrendaburuak Baionako barrutian. Paueko barrutian, berriz, Amaia Etxeber (Jarduera Anitzak), David Ragot (Merkataritza), Fouad Chabane (Industria) eta Maitena Araguas (Laborantza).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo