GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Atez ateko bilketa sistema Usurbilen

«Ez du zentzurik bide hau guk bakarrik egitea»

XABIER MIKEL ERREKONDO
USURBILGO ALKATEA

Une honetan duen buruhausterik handiena atez ateko bilketa sistema abian jartzea da, buru-belarri ari da lan horretan. Mahai gainean jarri eta «gustuz» baino beharrez heldu behar izan dio hondakinen arazoari. Ardura bai, baina herritarren erantzunak sortu dion asebetetzea ere ezin du ezkutatu.

Erronka garrantzitsua hartu duzue zuen gain, nola bizi duzue aitzindari lanetan aritzea?

Herri txikia izanik, aitzindaritza lan hau erronka ikaragarria da Udalarentzat. Ez da gaiaren gainean interes berezia dugula, baino heldu egin behar izan diogu garrantzi handia baitu. Pisuzko arazoa da, orain artean ezkutuan izan dena eta bat-batean `magia' hori desagertu eta mahai gainean jarri zaigu. Horrek bultzatu gaitu aitzindari izan diren herriengandik ikastera eta atez-ateko bilketa hondakinak kudeatzeko modu egokiena dela ohartu gara. Udalean eta San Markos Mankomunitatean horren alde egin da.

Aurretik izan den kudeaketa ez da ona izan eta San Markos zabortegiaren itxierarekin ez da soluziorik eman, arazoa areagotu besterik ez da egin. Erraustegiaren eredua modernotzat saldu nahi digute, baina ikusi dugu beste herri batzuetan atzera egiten ari direla kutsadura nabaria eragiten duelako inguruko kilometro askoko eremuan. Eredu horiek baztertu egin behar dira eta ingurumena eta osasuna babestu behar ditugu. Guk aurkitu dugun irtenbide osasungarriena hau da, eta ekonomikoki bideragarria gainera. Birzikla daitekeen hondakin bat erretzeak ez du zentzurik eta %90 birziklagarria bada, horretara jo behar dugu eta ez egungo tasetan gelditu eta gainerakoa erre.

Sistemak nahi dituen emaitzak emateko, ordea, zuen atzetik beste batzuek etorri behar dute.

Argi dago ez duela inolako zentzurik eta guk ez genuke, gainera, lan guzti hau egingo bakarrak izateko. Beharbada, Usurbilgo hondakinei soluzioa emango bagenie ere, ez dugu ezer aurreratuko zaborraren arazoari soluzio emateko hori egiten bakarrak bagara. San Markos Mankomunitateak ere sistema honen alde egin du, eta bertako herri gehienek ere apustu bera egiten dute. Ziur gaude datorren urtean beste herri batzuk jarraituko dutela gure bidea. Jakin badakigu, gainera, gure lanaren jarraipen estua egiten ari direla, interes berezia dutelako. Hor daude esaterako, Lezo, Oiartzun, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta, Arrasate, Bergara, Antzuola... Gainera, mehatxua den arazo larri bati egin nahi zaio aurre, errausketa plantari; eta, horregatik, ez du zentzurik bide hau guk bakarrik egiteak.

Sistema hau urte hasieran abiaraziko zenutela aipatu zenuten, posible izango al da?

Zaila da data zehaztea, lan honetan buru-belarri sartzean konturatzen zara benetan zenbat xehetasun lotu eta kontuan izan behar diren. Gure apustua urtarrilean bertan martxan jartzea da eta, gure ustez, gainera egingarria da.

Zein da bide honetan aurkitu duzuen trabarik handiena?

Arazorik handiena arazoa bera da. Erronkarik handiena hondakinen arazoa guztion arazoa dela ulertaraztea da. Ez da nahikoa udal gobernu batek erabaki bat hartzea. Herritar guztien arazoa da, batez ere ondorioak guztiok pairatzen ditugulako. Atez ateko bilketa guztioi dagokigu eta guztion erantzukizunean oinarritzen den irtenbidea da. Horixe da zailena eta, aldi berean, erakargarriena ere bai.

Hondakinak biltzeaz ari zarete, baina arazoak tratamenduan daude batez ere, ez da hala?

Tratamenduan guda handia dago. Gipuzkoako Foru Aldundiak interes berezia du berea ez den eskumen bat bere egiteko. Horretarako sortu zuen partzuergoen formula Gipuzkoako mankomunitateekin hitzarmena sinatuta. Horren aurkako helegitea jarrita dago, eskumena herriena delako eta herriek ez dutelako onetsi. Foru Aldundiak hondakinen tratamenduaren eskumena bere egiten duela esaten jarraitzen du; gure iritziz, hurbiltasunaren printzipioa aplikatu behar da, eta horregatik apustua egiten dugu Usurbilen konpostatze planta bat jartzeko eta Usurbili eta inguruko herriei zerbitzua emateko.

Parte-hartze kanpaina arrakastatsua ari zarete egiten, espero al zenuten horrelakorik?

Hori nahi genuen eta erronka bat abiatzean aukera guztiak irudikatzen dituzu. Benetan prozesu parte-hartzailea egin nahi baduzu, beti izaten da kezka. Lanketa berezia egin dugu herriko eragileen bitartez eta komunikazio plan berezi bat egiten ari gara. Oso gustura gaude, herritarrengan sumatzen da hondakinekiko kezka eta irtenbide bat eman behar zaiela ulertu dute. Guk planteatzen dugun bilketarekin eta konpostatze guneekin birziklatze tasak handiak dira, konpostajea lekuan bertan eginda, zikloa amaituko dugu eta horrek errauste-plantaren elikagaia desagerraraziko du.

Herritarrek kezka eta ardura asko agertu al dituzte?

Jendeak kezka du, eta horrek berak bultzatu du parte hartzera eta sistemaren gainean informazioa biltzera. Atez ateko bilketa instituzioetan onetsi arren, jendeak ere onartu du. Zalantzak, batez ere, zehatzak dira, sistemak berak nola funtzionatuko duen galdetzen dute eta zentzu horretan ekarpen asko egiten ari dira.

M.E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo