GARA > Idatzia > > Kultura

«Patata-tortilla eta pila-pila» gehiago Pirritx eta Porrotxekin

Haurrek eta gurasoek elkarrekin sukaldean ikasi eta ondo pasa dezaten liburu berri bat kaleratu dute Pirritx eta Porrotx pailazoek. Denetarik jatea eta erosketetan eta jakien prestaketan guztiek parte hartzea bultzatu nahi dute. Errezetez gain, ipuinak ere badira liburuan.
p043_f01_65x46.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Ondo pasatzeko leku guztiak dira onak baina bereziki sukaldea. Bertan sormena garatu daiteke, irinarekin eskuak zikindu, arrautzak kraskatu... Horrexegatik otu zitzaien Pirritx eta Porrotxi sukalde liburu bat egitea. Eta eurak oso trebeak ez direnez, Amaia Diaz de Monasterioguren nutrizionistari deitu zioten. Berak azaldu zien gure gorputza etxe baten modukoa dela eta zutik mantentzeko denetarik jan behar dela.

Erosketa egin aurretik zerrenda egiten, garaian garaiko produktuak aukeratzen, jaki ezberdinak prestatzen eta sukaldea jasotzen erakusten du, besteak beste, liburuak. Janarien gurpilean jaki bakoitzak zertarako balio duen azaltzen da koloreen bidez.

Errezetei dagokienez, denetarikoak eta etxeko txikienek egiteko moduko 30 inguru bildu dituzte. Esaterako, barazkiekin oilasko-entsalada eta tomate beteak, arroza kubatar erara, pasta brokoliarekin, haragiz eta arrainez egindako hanburgesak edo saltxitxak, fruituekin gelatina eta irabiakiak edota postrerako bizkotxo eta trufak. Eta nola ez, Pirritx eta Porrotxen liburua izaki, patata-tortilla nola egin ere azaltzen die haurrei.

Amaia Diaz de Monasteriogurenek adierazi zuen gure kulturan oso errotua dagoela sukaldean aritzea, baina presaren eta bizitza erritmoaren ondorioz, gero eta denbora gutxiago pasatzen dugula jakiak prestatzen. Liburu honen bitartez, familia osoaren parte-hartzea eta integrazioa bultzatu nahi dute, «denok jaten baitugu!».

Haurrek hainbat janarirekin izaten dituzten arazoak (arraina, barazkiak...) gainditzeko modu bat izan daitekeela gaineratu zuen. «Elaborazio prozesuan parte hartzen badute, interesa sortzen zaie eta errazago jango dute denetik».

Pirritx eta Porrotxek desio bat dutela esan zuten: «Euskal Herriko haur eta guraso guztiek, guk liburu hau egiten eta errezetak prestatzen bezain ondo pasa dezatela».

Oherako ipuinak

Liburuan, errezetez gain, gurasoek haurrei, ohean, lo hartu aurretik kontatzeko bi ipuin idatzi ditu Mitxel Muruak. Atzo aurkezpenean adierazi zuenez, etxe batean bi leku baitaude ondo pasatzeko: sukaldea eta ohea. Eta horregatik, primeran afaldu ondoren, liburua ohera eramatea proposatzen digu. Istorioak jakiei buruzkoak dira noski.

Lehenengoak patataren historia kontatzen du. Nola heldu zitzaigun jaki garrantzitsu hori Amerikatik. Bigarrengoan, berriz, Martin Txiki eta Basajaunek, garia erabiliz, ogia nola sortu zuten kontatzen digu.

Diskoa eta ikuskizun berria

Pirritx eta Porrotxek ez dute atsedenik hartzen. Atzo sukalde liburua aurkeztu zuten, eta bitartean «Eskerrik asko» biran murgilduta daude bete-betean. Gainera, irailaren bukaeratik disko berriaren grabaketan jardun dute bost astez. Lan berri honek «Piratak» izena izango du eta azaroaren 27an aurkeztuko da. Ohi bezala, jende mordoa izan dute bidelagun. Horien artean dira Su Ta Gar-eko Aitor Gorosabel, Celtas Cortos-eko Jesus Cifuentes eta Alberto Garcia, Tapia eta Leturia, soka laukote bat eta Oreka TX. Disko honetan aurkituko dugu gainera, Oiongo ikastolako haur, irakasle eta gurasoekin grabatu duten datorren Araba Euskaraz-eko kantua ere.

Diskoarekin batera, izen bereko ikuskizuna jarriko dute martxan Euskal Herri osoan zehar. Bi pailazoekin batera arituko da Aitor Gorosabel Patakon pirataren paperean, «daukanari kendu, ez daukanari emon» lelopean. Altxor baten bila abiatuko dira pirata hauek, altxor benetan berezia, ez lur azpian aurkitzen diren horietakoa. Norberaren ezpainetan topatuko omen dugun sari bikoitza izango da: alde batetik, musua, eta, bestetik, euskara.

PORROTX

«Liburu honetan parte hartu aurretik, txorizo bokatak bakarrik jaten nituen. Orain jakiek gure gorputzarentzat duten garrantziaz ohartu naiz eta izugarri gustura jaten ditut barazki pureak eta arraina».

Fitxa

Titulua: «Pirritx eta Porrotx sukaldean».

Egileak: Amaia Diez de Monasterioguren (errezetak eta nutrizio-aholkularitza) eta Mitxel Murua (ipuinak).

Marrazkigilea: Julen Tokero.

Argazkilaria: Xavier Landa.

Argitaletxea: Elkar.

Bilduma: Pirritx eta Porrotx.

Adina: 4-9 urte.

Orrialde kopurua: 120.

Salneurria: 18,50 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo