«Herriko ostatu»en aurkako «muntaia poliziala» salatu du Askatasunak
Lapurdiko ia hogei lagun atxilotu ditu aste honetan Polizia frantsesak, eta Askatasunak honen gaineko balorazioa egin zuen atzo, atxilotuekin beraiekin eta beren senideekin egindako agerraldian. Antolakunde honek salatu zuenez, «muntaia poliziala» baino ez da Laurence Le Vert epailearen gidaritzapean burutu dena, eta horren helburua «herriko ostatu»en kontra egitea dela uste du. Hori guztia, Estatu frantsesaren «gerra estrategian» kokatu du Askatasunak.
Ainize BUTRON |
Lapurdiko hainbat herritan, azken bi egunotan izandako hemezortzi bat lagunen atxiloketen ondotik, Askatasunak balorazioa egin zuen atzo. Gertakari horiek, izan ere, iaz izandako Kalaka ostatuaren kasuarekin lotu zituen Anais Funosas Askatasuneko eledunak.
Atxilotuetako hamar bertan zirela, Askatasuneko ordezkariak honakoa ekarri zuen gogora: «Orotara, azken hilabetean berrogei atxilotu izan dira, eta urtebetean berrogeita hamar baino gehiago. Proportzioan, Estatu frantseseko hamar mila lagun inguru».
Zenbaki horiek «ikaragarriak» zirela nabarmenduz, atxiloketa horiek guztiak «muntaia polizial» baten emaitza zirela adierazi zuen, berriz ere.
Eta, han eta hemen gertakarien arrazoiez hainbat zurrumurru zabaldu zirela gogorarazi ondoren, horren gibelean «herriko ostatuen aurkako txostena» baizik ez zegoela nabarmendu nahi izan zuen.
Horrenbestez, ostatu horiek herri proiektuak zirela argitu zuen Funosasek.
«Anitzak dira mota horietako proiektuak Euskal Herrian. Betidanik gure tresnak eraikitzen aritu gara», argitu zuen, eta, esaterako, bere garaian Seaska edo gaur egungo Euskal Herriko Laborantza Ganbera printzipio bera jarraituz sortuak izan zirela esan zuen.
Gertatutako atxiloketak kontuan harturik, horietan nagusiki Estatu frantsesak egitasmo horiekiko duen ulermen eza islatzen dela gehitu zuen Funosasek.
Onartu ezina
«Ez dute ulertzen nola horrenbeste jendek izerdia eta dirua horretan ematen ahal duen. Ez dituzte, gu bezala borroka, duintasuna eta lan kolektiboaren baloreak», oroitarazi zuen, berriz. Elkarlan horren aitzinean Estatu frantsesak «gerra estrategiaren aldeko apustua» egiten duela salatu zuen Askatasunak.
Eta, jarrera horren aurka, bete behin ere, «aski da!» esan zuen ozen.
«Jazarpen hori ezin dugu ez onartu, ez eta gehiago jasan ere. Zenbakiak ikaragarriak dira, baina, halere, ez dute jendearen lana geldiaraziko», goraipatu zuen.
Askatasunari, izan ere, eraso horiek etsiarazi baino lan horretan jarraitzeko «indarra» ematen diotela azpimarratu zuen, eta Estatu frantsesaren jarrera horren aitzinean «eraikuntzaren aldeko apustua egiten» jarraituko zutela esan zuen.
Askatasuneko ordezkaria, azken egunotan atxilotuak izan diren lagun eta senitartekoez inguraturik egon zen atzoko agerraldian.
Horien artean, Zigor Goieaskoetxea, Jon Irazola, Miguel Torre, Luis Barriola edo Iñaki Hirigoien zeuden. Azkenik, azken egunotan, hilabetean eta urtean izandako «operazio polizialaren» aitzinean mobilizatzen jarraitzeko deia zabaldu zien herritarrei Anais Funosasek.
Elkarlanaren fruitu diren «herri ostatu»en aitzinean, Estatu frantsesak «gerra estrategiaren aldeko apustua» egin duela gogorarazi du Askatasunak, eta «aski» dela adierazi du.
Hitzordu nagusi baten berri eman zuen atzo Anais Funosas eledunak. Bihar, igandean, goizetik arratsaldera arte, Irulegin izango den urteroko Elkartasun Egunean parte hartzeko deia egin zuen. «Mespretxutik onarpenera, aski da!» lelopean, eguna eguerdian hasiko da, bazkariarekin, eta ondotik urteroko ekitaldi politikoa eginen dute. Gauean, berriz, Nat eta Watson taldearen emanaldia izango da eguna bukatzeko. Dena dela, Elkartasun Eguneko egitarauari bezperan emango zaio hasiera, Irulegin izango den kontzertu batekin. Bertan, arratsaldeko zortzietatik goiti Kaptain egurrak, Beltzez, Haurtzarrak, Piarres eta Zein musika taldeak izango dira. A.B.