«Garrantzitsuena ez da zein musika mota jotzen duzun, nola baino»
EKIALDEKO Europako juduen musika
Juduen yiddish hizkuntzan Krakovia izendatzen du `Kroke' hitzak, eta hori da Poloniako hiriko hiru musikarik sortu taldearen izena. 1992an sortutako taldeak izena lortu du Europan, jaialdi garrantzitsuetan parte hartuta. Musika tradizionala oinarri (ustez), Kroke-k klezmer musika sortu eta zuzenean inprobisatzen du, musika klasikoaren eta jazzaren inguruan duten ezagupenari esker.
Anartz BILBAO | BILBO
«Birtuosismoa sorkuntza agortezinaren zerbitzura jartzen denean Kroke bezalako taldeak sortzen dira», esan zuen musika arloko kazetari batek, poloniarrak definitu nahian.
Tomasz Kukurbak (biola eta arrabita), Jerzy Bawolk (soinua) eta Tomasz Latok (kontrabaxua) sortu zuten Kroke, eta Tomasz Grochot perkusio-jotzailea gonbidatu ostean laukote bihurtu zen taldea. Klezmer soinuetan du musika ardatza Krokek, Ekialdeko Europako juduen musika. Gaur, Tolosako Leidor aretoan izango dira, 20.30etik aurrera, zuzenean (25 euro).
Nola defini dezakegu klezmer musika?
Europa Ekialdeko juduen musika da klezmer musika, baina kontua da ea Kroke taldeak klezmer musika jotzen duen. Izan ere, gure herrian klezmer mundua ezberdin samar ulertzen dugu, bere esanahia, musika mota bati baino, musikariari baitagokio. Beraz, garrantzitsuena ez da ze musika mota jotzen duzun, nola jotzen duzun baino.
Noiz eta non sortu zen Kroke, nola elkartu zineten?
Gu, ezer baino lehen, aspaldiko lagunak gara. Beti egon izan gara elkarrekin, beraz, gure adiskidetasunaren emaitza naturala dugu Kroke taldearen sorrera.
Krokek, aspaldiko kantu tradizionalak berreskuratu eta berritzen al ditu?
Ez, ez dugu musika zaharra eraberritzen. Gu gaur bizi gara eta hemen eta orain jotzen dugu. Eta kantu tradizionalen bat jotzerakoan ere, sarritan gertatzen ez dena, beste dimentsio bat ematen, beste norabide batera eramaten saiatzen gara. Ez dugu inoiz kantu tradizionalak kopiatzeko inolako interesik izan, guk gure musika garatu nahi izan dugu beti.
Juduak zarete? Zein garrantzi dute zuen ohiturek eta erlijioak zuen eguneroko bizimodu eta musikan.
(Erantzunik ez).
Esan dezakegu zuen musika espirituala dela?
Hemen aurreko galdera ere erantzun dezakegu. Guk jotzen dugun musika ez da batere erlijiosoa, baina ados egon gintezke, sarritan, espirituala dela. Eta diskoetan ere gertatzen den arren, batez ere zuzenean ematen da hori.
Lehendabiziko bisita duzue Euskal Herrira? Badakizue zerbait gure herriari edo bertako jendeari eta ohiturei buruz?
Ez, ez dugu lehen aldia, baina ez dakigu zenbatgarrena dugun ere. Euskal Herriari buruz dakigun guztia, euskaldunak harro daudela beren herri berde zoragarriaz eta musikaren aurrean jarrera bikaina agertzen dutela da.
«Escaricasco».