GARA > Idatzia > > Kultura

Herri Jaialdi berriak euskal kulturari tokia eginen dio bihar Biarritzen

p042_f02.jpg

GARA | BIARRITZ

Euskal Herri osoan euskal kultura tradizionalari tokia eta elkargunea eskaintzen dion lehen jaialdi bezala definitzen dute antolatzaileek. Herri Soinu eta Iparraldeko Gaiteroak elkarteak, Biarritzeko herriko etxearen laguntzarekin antolatu du euskal dantza eta musikari eskainia den ospakizun hau, eta asteartera bitartean iraungo du. Emeki bada ere topagune hau erreferente bilakatu nahi dute kultur panoramaren barnean, horretarako pauso ezberdinak eman dituztela azaldu dute antolatzaileek. «Estatu espainiar eta frantseseko, eta bertako antzokietako zuzendariak gomitatu ditugu ikus dezaten Euskal Herrian ere kultura bizirik dagoela orainean eta geroari begira».

«Aspaldidanik genuen ohiko euskal dantza eta musikaren aldeko gune berezi bat sortzeko nahia eta beharra» hitzekin azaldu dute antolatzaileek jaialdi berri honen sorrera. Euskal kultura tradizionalaren topaleku honek betiko ikusgarriekin batera ohiko gai eta adierazpideen inguruan egindako sorkuntzak biltzen dituela ere azpimarratu nahi izan dute: «Nola ez aipa ohiko euskal musikak eta dantzak bertze ezaugarri berriak bilatzen dituztela, alabaina norberak bere aldetik Zuberoatik Bizkaira eta Nafarroatik Lapurdira».

Biarritzeko jaialdi hau talde berrien lehen agertoki ere izanen da. Lehen aldiz agertuko dira ikusleriaren aurrean Mamutzak taldeko hogeita bost musikariak, elkarte berri hau lehengo Burrunkatik jalgi da. Bestalde, A Batucada Boum elkartekoak bi urtetarik behin elkartzen dira Afrikako eta Brasilgo doinuak elkartzen dituen musika egiteko. Biarritzen 30 lagun bilduko dira agogo, txokalo eta repinike izeneko instrumentuak jotzera.

Talde eta bakarlari ezberdinek Biarritz aukeratu dute beren lanak aurkezteko. «Bodarin», «Sorginak» eta «Mihimena» ikusgarriak izanen dira besteak beste.

Disko aurkezpenak ere eginen dira hiriko hainbat txokotan.Emanaldi hauez gain karrikak eta plazak euskal musikaz beteko dira asteburuan zehar eta asteartera arte. Esaterako, Atharratzeko maskaradarekin irri egiteko parada izango da gaur hamaiketan hiriko merkatuan.

Fitxa

Tokia: Kasinoan, Santa Eugenia kriptan, Gare de Midin eta Biarritzeko plaza eta kaleetan.

Data: Azaroaren 11 arte.

Antolatzaileak: Herri Soinu eta Iparraldeko Gaiteroak elkarteak.

Sarreren prezioak:

Gehienak doan, bi 15 eurotan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo