«Jaizkibelgo altxorrak ezagutaraztea da erakusketaren helburua»
Miguel Angel Lujanbio | Mendizale eta argazkilaria
Andoni ARABAOLAZA
Donostiako Iparragirre kalean Vasco de Camping elkarteak duen egoitzaren atea zabaldu bezain laster, haize berezi batek hartzen zaitu. Kresal usaina eta freskotasuna darion haize berezia da. Eta, jakina, ez gaitu harritzen. Itsasoa eta mendiaren arteko talka adierazten digu Jaizkibel mendiak.
Argi dago mendizale gehienek ez dutela argazki-kamera etxean ahazten; zu ere horietakoa zara.
Halaxe da. Mendira betidanik eraman dut argazki-makina, gora eta behera, bizkar-zakuan sartuta, lepotik zintzilik... Lagun batek argazkien mundu honetan sartu ninduen. Hark ere beti gainean eramaten zuen kamera, eta, jakina, zaletu egin nintzen. Hori bai, aitortu behar dut ez dudala inoiz ikastarorik egin; beraz, teknikarik ez dut. Jende askok galdetzen dit nola egin dudan hain argazki ederra. Nik sekreturik ez dudala esaten diet; badirudi begi ona dudala.
Han eta hemen ibili naiz argazkiak ateratzen eta, gehienei gertatu zaien bezala, ni ere digitalaren hatzaparretan erori naiz. Nik beti paperean atera dut, eta behin errebelatuta banatu egiten nituen. Digitalarekin, berriz, hasieran ez zitzaidan oso egokia iruditzen, baina azkenean harrapatu egin nau.
Ezin konta ahala argazki atera dituzu, baina Jaizkibeli buruzko hau zure lehen erakusketa al da? Beste eskarmenturik ba al duzu?
Pasai Donibanen eta Pasai Antxon erakusketaren bat edo beste egin dut; jakina, mendiko argazkiekin. Hemen, Vasco de Camping elkartean, penintsulan egin genituen irteera batzuen inguruko erakusketa prestatu nuen. Guztira, 50 bat argazki ziren ikusgai, eta azkenekoa Jaizkibelgo hau daukat.
Pasaiatarra izanik, Jaizkibel mendia ardatz hartzea ezinbestekoa gertatu zaizu, ezta?
Bai, horixe. Donibaneko lagun batek jakin bazekien Jaizkibeli buruzko makina bat argazki nituela, eta hark argazki horiekin zer edo zer egitea proposatu zidan. Erakusketa bat egitera animatu ninduten, eta hemen naiz. Jendeak mendi hau ezagutzea, hona ekartzea, gustatuko litzaidake. Beraz, helburu nagusia Jaizkibel erakustea da. Nahiz eta mendi txikia den, garaierari dagokionez jakina, oso aberatsa da. Adibidez, ikaragarria da bidean zehar ikus ditzakegun harkaitzen forma bereziak. Benetan, bazter hauek ezagutzea merezi du!
Bazter bereziak aipatzen ari zara, lurraren eta itsasoaren arteko talkaren eraginez sortutakoak, eta erakusketa honetan Pasai Donibane eta Hondarribia arteko ibilbidea irudietan jasotzen duzu. Zeintzuk altxor azpimarratu nahi zenituzke?
150 argazkietan ibilbide osoa jaso ezin denez, bada, hainbat bazter esanguratsu aukeratu ditut. Hiru inguru azpimarratu nahi izan ditut, bai dituzten koloreengatik bai harkaitzaren formazio bereziengatik. Horrela bada, mendizaleari argazki-kamera gainean eraman dezala aholkatuko nioke.
Hiru toki horiek honakoak dira: Buenos Aires, Molkortx eta Laondoko portua. Horietatik Molkortxekoa da niretzat ederrena, besteak beste, oso formazio ederrak izateaz gain, eguraldi eguzkitsua dagoenean oso kolore politak ikus daitezkeelako. Bestalde bidetik pixka bat ateratzea merezi du; hain zuzen ere, altxor eder ugari dagoelako.
Batek baino gehiagok esango du bazter polit hauek erraztasuna ematen dutela argazki ederrak egiteko; batez ere, harkaitzen formak bitxi horiek.
Bai, zalantzarik gabe. Horregatik aipatu dut nik ez dudala teknikarik. Argazkia ahal dudan txukunena ateratzen dut, neure helburua proposamen bat egitea baita. Ez dut filtrorik eta antzeko gauzarik erabili. Jendea harritu egiten da, baina, bai, argazki «naturalak» dira.
Erakusketan ikusi dudanez, formazio horiez gain, mendizaleari ere garrantzia eman diozu.
Eskuarki, irteerak egiten dituztenei argazkiak ateratzea gustuko dut. Mota askotako jendea, anonimoak... haiek ere protagonistak dira.
Bazter ederrak, mendizaleak ibilbidea egiten... natura eta gizakia, elkarren lagun izateko arazoak dituztenak. Erakusketaren bidez ondo baino hobeto azaleratzen dituzu Jaizkibelek dituen inguru aberatsak. Baina jakin badakizu ere horietako alderdi batzuk txikituak izateko arriskuan daudela, «super-portua» proiektua dela medio.
Ni ere egitasmo horren aurka nago. Hala ere, Donibanen jende asko alde dago, eta ulertzen ditut; izan ere, egun, Pasaiako portuak txatar asko jaso, zarata handia eragin eta hauts asko barreiatzen du. Baina, nahiz eta Gipuzkoako Aldundiak besterik dioen, argi dago hainbat ingurutan aldaketa sakonak egongo direla.
Beraz, jendea animatuko nuke Jaizkibel bisitatzera, eta ondoren iritzia eman dezala. Etxe ondoan daukagun altxor handia da. Kanpoan asko ibili naiz, paraje eder asko ikusi ditut, baina Jaizkibel ez da atzean geratzen. Ez dut, jakina, konparaziorik egin nahi. Hori bai, geure elkarteak eta haren lehendakari Jesus Mari Alquezarrek ibilbide hau bultzatu dutenetik azken urteotan jende asko ikusten dut ibilbidea egiten.
Eta balizko txikizioak aipatu ditugunez, Jaizkibelera joaten diren mendizaleei ingurune hori errespetatu eta zaindu dezatela eskatu nahi nieke. Geure ondarea da, eta, guk bezala, atzetik datozen belaunaldiek ere alderdi hauekin gozatzeko eskubide bera dute.