Musika eskaintza aberatsa, Molotoff Irratiaren denboraldian
Hernaniko Molotoff irrati libreak 2008-2009 denboraldiaren aurkezpena egin zuen atzo herrian bertan. Berrikuntza nagusia lau musika saioena izango da; irratiko kideen arabera, entzuleek «beste irratietan tokirik ez duen musika eskaintzaz» gozatu ahal izango dute.
GARA | HERNANI
Arratsaldeko bostetan zuten hitzordua atzokoan Molotoff Irratiko kideek Hernanin. Hainbat saiok zuzeneko aurkezpena egiteaz gain, Bat eta Bi taldeak «Un encuentro especial» antzezlana eskaini zuen.
Aurten 20 urte bete dituen irratiak lau saio berrirekin ekin dio denboraldiari. Musikari eskainitakoak dira denak, baina Molotoffeko kideek adierazi dutenez, «normalean entzuten ez diren doinuak» dira. «Balan Kora» tarteak, adibidez, musika afrikarra izango du ardatz; «Zion konektion» izenekoak Jamaikako doinuak landuko ditu; «Metalzaleak», izenak adierazten duen bezala, euskal metala egiten duten taldeei eskainitako saioa da eta «Matarranya Mediterrani» katalanez abesten duten taldeei buruzkoa.
Azken honek musika estilo guztiak entzunaraziko ditu, hala nola ska, punk, reggae, rumba, folk eta Erdi Arokoa. Gainera, katalanez hitz egiten den lurralde guztietako taldeak izango dituzte mintzagai. Hitzordua asteazkenero izango da, 18.00etatik aurrera, eta Jordi Romeo esatariak aurkeztu eta zuzenduko du.
Guztira zuzeneko hogei saiok osatzen dute programazioa, eta horiekin batera Arrosa saretik jasotako zazpi izango dituzte. Oiartzun Irratiko, Eguzki Irratiko eta Hala Bedi Irratiko saioak izango dira horiek.
Programazioa ez dute musika saioek bakarrik osatzen eta horren erakusgarri da Molotoff Irratiak informazioari, kirolari edota umoreari, besteak beste, eskaintzen dion tartea.
Irratiaren eskaintza hobetzea eta kalitatezko saioak egitea dute helburu, eta baita «orain arteko mailari eustea» ere. Denboraldiko saioen programazioak ohi bezala, ekainaren 15era bitartean iraungo du, «herriko festak (San Joanak) prestatzen eta ospatzen diren arte», hain zuzen ere.
Bestalde, irratiko kideek azpimarratu dutenez, Molotoff Irratiaren ibilbide luzean erronka ugariri aurre egin behar izan badiete ere, orain erronka berri bat dute ate-joka: digitalizazioa. Hori dela eta, «guztion laguntza» beharko dutela azpimarratu dute. Taldearen web orria ere berritu dute.