GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Marka saiakera

Irigoienek erronka guztiak gainditzen jarraitzen du

Errezildar gazteak Albizuri Handia eta Antziko Harria jaso zituen. Hala, biekin marka pertsonala ezarri du.

p034_f02.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Aimar Irigoienek ez zuen hutsik egin atzo Amezketan, eta Albizuri Handia eta Antziko Harria jaso zituen. Bi harri baldar eta zailtasun handikoak. Baina errezildarrak lan bikaina egin zuen biekin, eta atzokoa hobetzeko arazorik ez duela izango esaten zuen Amezketan izandako batek baino gehiagok.

Jendetza batu zen Amezketan saioa ikusteko. Aimarrek ikusmin handia piztu ohi du eta atzokoan ere nabarmen geratu zen. Hori bai, amaieran argi utzi zuen ez zela eroso aritu, ez behintzat berak nahi bezala, eta ez da harritzekoa. Hilabete ugari eman ditu irailean jokatu zuen apustua prestatzen, eta harri baldarrek ez dute haiekin zerikusirik.

Bietan garrantzitsuena Albizuri Handiarekin egin behar zuen saioa zen. Harri trakets hau gaur egun plazetan daudenen artean ezagunenetakoa da. Aimarrek, 16 urte zituela, lau aldiz berdindu zuen bizkarrean 10 minutuko txandan. Atzokoan denbora hori ondu eta jasoaldi bat gehiago egitea zuen xede. Beraz, erlojuaren kontra aritu zen.

Nahiz eta bera gustura ez aritu, ahalmena ikaragarria du, eta kanpotik begiratuta zailtasunik gabe aritzen dela ematen du. Albizuri Handiari atzokoan bost jasoaldi eman zizkion, eta horretarako 3 minutu eta 4 segundo behar izan zituen. Lan guztiak egindakoan, bolarekin agurtzekoa zen, baina azkeneko agurra ere, denboraz kanpo eta erakustaldi moduan, Albizuri Handiarekin egin zuen. Jendeak erruz eskertu zion, sekulako txalo zaparrada jaso baitzuen amaieran.

Atzokoan bazuen beste erronka bat ere, eta Antziko Harria jasotzea hain zuzen. Aralarren egon da harri trakets hau, eta han batek baino gehiagok jaso omen du, baina plazan orain arte inoiz erabili ez denez, marka ofizialik ez zeukan inork. Atzo errezildarra hiru minutuko txanda batean aritu zen harri horrekin. Bost jasoaldi eman zizkion, eta aurrerantzean harri horrekin lanean aritzeko erreferentzia atzo Irigoienek jarritakoa izango da. Atzokoan ere, errezildarrak kilo asko jaso behar izan zituen. Albizuri Handiak 166 kiloko pisua du, eta Antziko Harriak, berriz, 140 kilokoa. Pisuaz gain, bi harri hauek oso traketsak dira, ez dute harri ofizialekin zerikusirik, eta horiek baino zailtasun handiagoa dute.

Hurrengo marka ahalegina, abenduan

Aimar Irigoienek hurrengo marka ahalegina abenduaren 14an egingo du Zizurkilen. Egun horretan zendu berri den Jon Tejedori omenaldia egingo diote, eta bertan izango da errezildarra. Oraindik erabakitzeke du zer-nolako harriarekin egingo duen saiakera hori.

Harri handien Euskal Herrikoa, Azpeitian

Aurtengo Euskal Herriko Harri Handien Txapelketak ere badu lekua eta data. Abenduaren 21ean jokatuko da Azpeitian, eguerdi partean. Hantxe izango da Aimar Irigoien ere. Egungo txapelduna izango da aurtengoan ere txapela lortzeko hautagai nagusia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo