GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Meatzaldeak erraz irabazi zuen Amezketan jokatutako norgehiagoka

J.L. | AMEZKETA

Meatzaldeak, Bizkaiko talde ezberdinetako zulatzaileek osatutako taldeak, irabazi zuen atzo Amezketan jokatu zen saioan. Bertan, gainera, Altzo eta Amezketa ikusteko modua ere izan zen. Lehendabizikoek bigarren ekinaldia zuten, eta bigarrenak, berriz, aurreneko aldiz izan ziren plazan atzo. Herritarren aurrean egin zuten, gainera, estreinaldia.

Hogei minutuko saioa izan zuten taldeek, eta Aimar Irigoienen marka ahaleginaren jaialdiaren barruan izan zen ikusgai.

Atzoko saioak berak baino, Amezketa eta Altzo ikusteak garrantzi handiagoa zuen. Izan ere, bi talde berri izatea beti izaten da pozgarria, eta are gehiago kirol hau berreskuratzeko oraindik lan handia egin beharra dagoen herrialde batean. Orain ikusteko dago bi talde gipuzkoar hauek aurrera egingo duten eta heldu den urteko txapelketan parte hartuko duten. Hori egiten badute, hiru izango lirateke herrialde horretako taldeak, orain arte Jaizubia Hondarribikoa bakarrik ari baita, eta beste guztiak Bizkaikoak baitira.

Emaitza, gutxienekoa

Argi zegoen bi talde berriak sailkapeneko atzealdean izango zirela, baina hori gutxienekoa da, onena eta garrantzitsuena taldeok lehian ikustea baita. Azkenean ez zen ezusterik izan, eta bai Altzo bai Amezketa sailkapeneko azkeneko bi postuetan geratu ziren. Ulertzekoa, beraiek baino askoz ere eskarmentu handiagoa duten taldeen aurka aritu zirela kontuan izanda.

Garaipena Meatzaldeak eraman zuen atzokoan. Bizkaitarrek 9 zulo eta 3 zentimetro egin zituzten. Bigarren, berriz, Arboleda sailkatu zen, 8 zulo eta 7 zentimetro eginda. Hirugarren sailkatu zen Jaizubia 8 zulorekin. Laugarren Altzo geratu zen 7 zulo eta 8 zentimetro zulatuta, eta azken postuan, berriz, Amezketako taldea 7 zulo eta 3 zentimetro eginda. Honekin amaitu da aurtengo denboraldia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo