GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Kronika | X. erle eguna Usurbilen

Arriskuan dagoen protagonista hori-beltza

Eguraldi onari esker, urtero Usurbilen antolatzen den Erle Egunaz gozatu ahal izan zuten atzokoan bertaratutako guztiek. Hamargarren aldiz ospatu dute, eta gozogintza eta ezti lehiaketako sari banaketak zein ondoko enkanteak, zaleen interesari eusten diote. Ezti lehiaketako lehenengo sariak, Iñaki Elortzak eta Joxe Migel Aizegak eskuratu zituzten, eta horiek ekoiztutako bi ezti potoengatik, 2.400 euro ordaindu zituen Xabier Diez sukaldariak.

p014_f01_222x333.jpg

Rebeka PARRAS

X. Erle Eguna ospatu zuten atzokoan Usurbilen. Zerura begiratuz, «naturak egindako oparitzat» jo zuen atzoko eguraldia Julian Urkiola antolatzaileak. Frontoiaren atzeko aldean eserita, oso pozik agertu zen goizeko lehen ordutik. Gauzak horrela, 11.00ak aldera, epaimahaia osatzen zuten hamasei kideek, eztiaren kalitatea frogatzeari ekin zioten. Epaimahaikideak lau mahaitan banatu zituzten. Tartean, Martin Berasategi, Juanjo Mendioroz, Pedro Subijana eta Juanjo Arbelaitz zeuden.

Lehenbizi, epaileek errefraktometro baten laguntzaz eztiaren hezetasun maila neurtu zuten. Tramankuluak, hezetasun mailaren ehunekoa ematen du. Urkiolak adierazi zuenez, ezti bereziek izan ezik, gainontze-koek, %18tik beherako hezetasun maila izan behar dute.

Eguerdia iritsita, lehiaketako gozogintza atalean bi sari banatu zituzten. Eztiari dagokionez, bi mota daude; batetik, lore bakarreko eztia eta, bestetik, mila lore eztia. Lehenengoan, bi sari eta bigarrenean hiru banatu zituzten. Izan ere, zaleek mila loreko eztia nahiago izaten dutela azaldu zuen atzokoan partaideetako batek.

Adituek beren froga eta ikerketak gauzatu bitartean, herri giroa piztuz joan zen Usurbilen. Azokak, erleen eztiarekin egindako produktu ugari bildu zituen, eta dendariren batek halako egunetan asko saltzen ez dela aitortu zuen arren, gehiengoak giro atsegina azpimarratu nahi izan zuen. Produktuen artean, eztiaz gain, ukenduak, argizaria, kandelak, magdalenak... zeuden salgai.

Umeek ere izan dute beren txokoa aurtengoan. Esaterako, goiz osoan zehar Porrotx pailazoa jogurta eztiarekin banatzen aritu zen. Berak banatutako jogurta jateko eta pailazoarekin argazki bat ateratzeko asmoz, ilara luzea egin zuten haurrek. Kaleko antzerki taldeak ere, karrikak girotzen eman zuen goiz osoa eguerdira arte.

Irabazleak

Ordu bata igarota sari banaketarako azken detaileak konpondu zituzten antolatzaileek. Lehenik eta behin 3 urtetik 11 urtera bitarteko umeen marrazki lehiaketako irabazleak izendatu zituzten. Ezti-poto handi bat jaso zuten sari gisa eta ekitaldia polita izan zen arren, ume gehienak dagoeneko ez zeuden frontoian. Ondoren, gozogintza sariak banatu zituen antolakuntzak; lehenengo eta bigarren saria, Arantxa Manterolak eta Joseba Tellejerok eskuratu zituzten, hurrenez hurren.

Lore bakarreko eztien sarien txanda heldu zen ondoren eta Altzako Javier Galarragak bigarren postua eskuratu zuen. Podiumeko lehenengo lekua, Beñat Elortza segurarrarentzat izan zen. Halere, bertan ez zegoenez bere amak jaso zuen saria eta txapela hori-beltz marraduna pozik jantzi zuen publikoaren aurrean.

Azkenean, zaleak irrikaz zituen unea heldu eta antolatzaileek mila-lore ezti lehiaketako irabazleak izendatu zituzten. Hirugarren saria, Aitor Zabala pasaitarrak eraman zuen eta bigarrena, berriz, Legazpiko Anastasio Mujikak. Lehenengo postua, Joxe Migel Aizega hernaniarrak lortu zuen. Azkenik, Erlearen Lagunak taldeak, sari be- rezia Martin Berasategi sukaldariari eman zion.

Nolanahi ere, eguneko une interesgarriena, antolatzaileek enkanteari hasiera eman ziote- nean heldu zen. Diru gehien ordaintzeko prest zegoenak saritutako mila lore eta lore bakarreko ezti potoak etxera era- mango baitzituen. Gauzak horrela, Martin Berasategik 200 euro eskainiz eman zion hasiera enkanteari, eta 30 segundo geroago 1.100 euro eskaini zituen beste batek. Azkenean, Donostiako Xarma jatetxeko Xabier Diez sukaldariak 2.400 euro eskainita eskuratu zituen bi ezti potoak.

Antolatzaileek erleak egiten duen lan garrantzitsua nabarmendu nahi izan zuten atzokoan. Azkenaldian erle kopuruak beherakada nabarmena izan duela adierazi zuen Julian Urkiolak. Sakelako telefonoaren uhinek, klima aldaketak eta akaro espezie berri baten erasoek erle komunitatearen murrizketa izugarria eragin du. Urkiolak azaldu zuenez, erleak eta famili horretako intsektuak polinizazio prozesuan ezinbestekoak dira. «Einsteinek, erlerik gabe gizakiok soilik lau urtez bizi ahal izango genukeela baieztatzen zuen», amaitu zuen Urkiolak. Jarraian, Aginagara abiatu ziren, bazkaria zain zuten bertan-eta.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo