Unai Iturriagak Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken kanporaketa irabazi du
GARA | GASTEIZ
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoak amaitu dira. Atzo Zaldibarren bosgarren eta azken kanporaketa egin zuten, eta Unai Iturriagak irabazi zuen aurrera jarraitu ahal izateko aukera.
Aparteko giroaz gozatu ahal izan zuten Zaldibarreko frontoian bertsoak entzuteko bildu ziren 600 lagunek. Iturriagak lortutako aldea garrantzitsua izan zen. Honek 453 puntu lortu zituen, eta haren atzetik Amaia Uribek 372 bildu zituen. Haien ondoren, Gorka Lazkano (366 puntu), Ander Elortegi (350), Manex Sagarna (341) eta Mikel Galarza (309) izan ziren.
Gainerako bertsolariak
Iturriagak txartela lortu arren, bigarren izandako Uribe ere finalaurrekoan izango da puntuazioa dela-eta. Berarekin batera, puntuei esker ere, Jone Uria, Eñaut Intxaurraga, Joseba Artza, Gorka Ostolaza eta Jabier Olibares egongo dira.
Kanporaketetan irabazle izan eta, ondorioz, zuzenean sailkatu direnak Eneko Abasolo Abarkas, Igor Elorza, Oihana Bartra eta Miren Amuriza dira.
Finalaurrekoan arituko diren bertsolari taldea aurreko urteko finalistek osatzen dute. Hauek Fredi Paia, Ibon Ajuria, Iratxe Ibarra, Onintza Enbeitia, Arkaitz Estiballes, Xabi Paya eta Etxaun Lekue dira.
Hurrengo hitzorduak
Hurrengo hitzorduei dagokienez, datorren igandea salbu, hurrengo igandeetan burutuko dira. Lehena, Gernikako Jai Alai frontoian egingo dute hilaren 23an. Hurrengo astean, hots, azaroaren 30ean, Markinaren txanda izango da, Xemeingo frontoian, hain zuzen. Azken finalaurrekoa abenduaren 7an Getxoko Santa Eugenia Plazan jarriko duten karpa batean egingo dute.
Finala, bestalde, abenduaren 20an egingo da BECen arratsaldeko 17.30etan. Dagoeneko, hitzordu honetarako sarrerak salgai daude, telefonoz eta Internet bidez (www.botasarean.biz eta www.bertsozale.com) edo BBKren kutxazainetan.
Azaroaren 23an: Gernikako Jai Alai frontoian. Fredi Paia, Ibon Ajuria, Iratxe Ibarra, Ohiana Bartra, Jone Uria eta Amaia Uribe.
Azaroaren 30ean: Markinako frontoian. Onintza Enbeitia, Arkaitz Estiballes, Eneko Abasolo, Miren Amuriza, Joseba Artza eta Jabier Olibares.
Abenduran 7an: Getxoko Santa Eugenia plazan. Xabi Paya, Etxaun Lekue, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Eñaut Intxaurraga eta Gorka Ostolaza.