GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko Aizkora

Nazabalek uste baino lan gehiago izan du Kopako finalean

Anjel Arrospidek ere ekinaldi bikaina burutu zuen, eta estu eta larri hartu zuen Etxarriko txapelduna. Nafarrak, ordea, azkeneko bi lanetan bere mailarik onena eman zuen, eta ez zion inori aukerarik utzi.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Ez zen ezusterik izan, eta Floren Nazabalek eskuratu zuen Txapeldunen Ligako Kopa ere. Lehen, erregulartasuneko lehia bereganatua zuen, eta herenegun kopa lortu zuen Bilbon. Jende askorik ere ez zen bildu Ligako lau onenen arteko finala zuzenean ikusteko emanaldian.

Bost lan ezberdin egin behar izan zituen kirolari bakoitzak, eta denetako denborak batu egiten zirenez, lanak burutzeko denborarik gutxien behar zuenak lortuko zuen garaipena, eta horretan azkarrena izan zen Etxarrikoa, nahiz eta uste baino gehiago sufritu behar izan zuen.

Hasteko, 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu lehiatu ziren, eta hor onena Arrospide izan zen. Leaburukoak, 32 behar izan zituen, eta hiru gehiago behar izan zituzten Nazabalek eta Larretxeak, eta sei gehiago Lopezek.

Jarraian, erloju kontrakoan neurtu ziren, zeinek 45 ontzako enborra azkarrago erdibitu, eta hor Lopez izan zen azkarrena. Berak 52 segundotan bota zuen enborra eta bat gehiago behar izan zuen Larretxeak, sei gehiago Nazabalek, eta zortzi gehiago Arrospidek.

Lehenengo bi lanak burututa, oreka nagusi zen lau finalisten artean, baina hortik aurrera hasi ziren aldeak zabaltzen. Hirugarren ekinaldian, bakoitzak 45 ontzako bat etzanda eta bestea zutik moztu behar zituen, eta Arrospide gailendu zen, 2.17 denbora eginez. Nazabalen denbora 2.27 izan zen. Larretxeak 2.39 behar izan zituen, eta 2.42 Juanjo Lopezek.

Hirugarren lana amaituta, beraz, aldeak handitu egin ziren, eta txapela biren artean zegoela ikusten zen, Nazabalen eta Arrospideren artean, alegia.

Etxarrikoak, ordea, azken-aurreko ekinaldian ekin zion garaipenerako bideari. Hor, 60 ontzakoa erdibitu behar zuten, eta Euskal Herriko txapeldunak erraz irabazi zuen. Haren denbora 1.42 izan zen; 1.53 izan zen Arrospidek lana burutzeko behar izan zuen denbora; 2.03 Larretxearena; eta 2.04 Lopezena.

Azken aukera

Saioa iraupen probarekin amaitu zen, eta hortxe zuen Arrospidek txapela janzteko aukera. Ordurako bai Larretxea eta bai Lopez ere inongo aukerarik gabe baitzeuden.

Azkeneko saio honetan, aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituen, baina Nazabalek ez zion inori inongo aukerarik eman, alde nabarmena kendu baitzien gainerakoei. Lau enborrak botatzeko 9 minutu eta 33 segundo behar izan zituen nafarrak.

Lan honetan lehia polita izan zuten Arrospidek eta Larretxeak, baina gipuzkoarrak menderatu zuen, 10.16 denbora eginez, bi segundo gehiago behar izan zituen nafarra. Juanjo Lopez, aldiz, atzeratuta geratu zen, eta amaieran 10 minutu eta 18 segundo behar izan zituen hiru enborrekin egiteko zituenak amaitzeko.

Beraz, amaitu da Urrezko Aizkorako Txapeldunen Liga. Liga bera, eta Kopa ere bai Nazabalek irabazi ditu. Haren hurrengo erronka Euskal Herriko Lehen Mailako txapela izango da.

Binakako Txapelketa abenduaren hasieran abiatuko da

Urrezko Aizkorako Binakako Txapelketa abenduaren hasieran abiatuko da Lizarran, azken orduko aldaketarik ez bada, atzo Egur Sport enpresak jakitera eman zuenez.

Oraindik, ordea, zenbat bikote izango diren jakitea falta da. Ziurrenik sei edo zazpi izango dira, eta dena dela, datozen egunetan dena prest izango dela ohartarazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo