Trontza Ipar Euskal Herrikoa
Ibarburuk eta Arbenoitzek eskuratu dute lehenengo txapelketa mistoa
J.L. | DONOSTIA
Ibarburuk eta Arbenoitzek lortu zuten herenegun arratsaldean Ahetzen trontzalarien Ipar Euskal Herriko Txapelketa Mistoa bereganatzea. Lehen aldiz jokatu da era horretako lehiaketa bat. Bikote bakoitza emakume batek eta gizonezko batek osatu behar zuten.
Finala polita eta emozioz beterikoa suertatu zen, lehen postua ehuneneko batzuk bakarrik erabaki baitzuten. Garaileek 42 ehunenekoren aldea kendu zioten Lannine-Narpi bikoari. Ez da ohikoa izaten kirol honetan horrelako tarte txikiarekin amaitzea, baina oraingoan horrela suertatu zen, eta azken ordura arte ezin izan zen erabaki. Hortik atzerako postuak garbiak izan ziren, ez baitzen lehia handirik izan, eta berehala erabaki zen azken sailkapena.
Ipar Euskal Herrian jai eguna izango da gaur, eta bertako emakumezkoen finala jokatuko da Biriatun, 18.00etatik aurrera.
Bertan, honako hauek lehiatuko dira: Obando-Iriarte, Pulverail-Sanchez eta Ibarburu-Lannine. Hiru bikoteetako partaideak herenegun Txapelketa Mistoan parte hartutakoak dira. Lana berdina izango dute, 45 ontzako enbor bati 10 epai etzanda eman beharko dizkiete. Gaurko finelako faboritoak aipatzerakoan, eta herenegungo finala kontuan hartuta, Ibarburu eta Lannine izango dira.