Edurne Brouard, Marian León eta Iñaki Ibarluzea (*) AEK-ko irakasleak
HABEren 25. urteurrenaren harira
Aurten HABEk 25 urte betetzen dituela-eta, azaroaren 11n urteurren festa ospatuko da Donostiako Kursaal aretoan eta bertara gonbidatu gaituzte erakundearen eta helduen euskalduntze alfabetatzearen historiaren parte izatea eskertuz.
Bihoa lehenik eta behin geure esker ona gutaz ere gogoratu izateagatik halako data esanguratsuan. Benetan, pozez eta harrotasunez betetzen gaitu historiaren zati horretan parte hartu izanak, helduen euskalduntzeak Euskal Herriaren berreuskalduntze prozesu osoan duen garrantziaz jabeturik baikaude oso.
Ukaezinak dira, hala ere, 25 urte hauetan, guk estrategikotzat daukagun sektore honetan izan ditugun desadostasun eta iskanbilak. HABEren sorreratik bertatik sektore honetan lan egiten dihardugunok ondo gogoratzen ditugu orduko eztabaidak: instituzioen eta herri mugimenduaren arteko harremanaren nolakotasuna, herritarren papera euskalduntzean (herria irakasle), beharrezko titulazioa adosteko zailtasunak... baita ondoren etorri ziren mobilizazio eta erabakiak ere. Historian izandako arazoak alde batera utziz, gaur egun harrotasunez esan dezakegu elkarrizketa eta negoziazioaren estrategia abian jarriz, eta beraz inposaketarena alboratuz, lortu dugula guztiontzat onargarriak diren gutxieneko oinarri adostuak ezartzea.
Gutun hau sinatzen dugunok baina, euskararen eremu osoa aintzakotzat hartzen duen erakunde bateko (AEK-ko) langile eta militanteak gara. Eta EAEko erakundeekin harremanek nabarmen hobera egin badute ere, Nafarroan eta Iparraldean, helduen euskalduntzean aurrera egin ahal izateko oinarrizko baldintzak ere adosteke daude oraindik.
Oro har, guztion lanari esker aurrera egin dugula baieztatu ahal izateak ez dizkigu begi bistatik kendu behar aurrean ditugun erronkei erantzuteko eman beharreko urratsak: herritarrei euskara ikasi ahal izateko laguntza ekonomiko handiagoak doakotasunaren bidean, bizitzaren alor guztietan sartu ahal izateko modulazio egokituak, etorkinei beren-beregi begirako planak, eta legeak aitortzen dituen eskubideak praktikan jarri ahal izateko benetako bermeak, besteak beste. Azken batean, euskaraz bizi nahi dugu bizitzako alor guztietan, eta euskararen eremu osoan.
Bide honetan, beraz, guztiok jarri beharko dugu geure lana eta ahalegina bakoitzak geure esparrutik, bakoitzari dagokigun erantzukizun maila ahaztu gabe. Guk geuk geureari eusteko konpromisoa berretsi nahi dugu, eta instituzioek ere bereari eustea espero dugu; herri mugimenduaren ekarpena ezinbestekoa bada ere, instituzioen laguntza eta sostengurik gabe lanaren tamaina biderkatu baino ez baita egiten. Asko dugu ospatzeko, baina asko, baita ere, hobetzeko.
Eskerrik asko, beraz, HABEri gonbiteagatik, eta zorionak bere urtebetetzean. Aurrerantzean ere adostasunaren eta elkarrizketaren bideari eusteko gai izango garelakoan, adeitasunez...
(*) Oskar Elizburu eta Juankar Fernández AEK-ko irakasleek ere sinatzen dute artikulu hau