GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Sanotik sanora badago aldea

Sanoa da, hala diote osasun gaietan aditu direnek eta ez naiz bestelakorik esaten hasiko, baina sanotik sanora badago aldea eta kirola egitetik kirola egitera ere bai.

Igandean milaka pertsona, hamalau mila zehazki esateko, bildu ziren Behobia eta Donostia artean korrika, hustu arte. Azken hilabeteotan egin duten esfortzua errepide bazterrean bildutakoei erakusteko eta prestaketa lanetan hartutako kastiguak merezi izan duela konfirmatzeko balio izan zien askori; ez zen guztientzat, ordea, espero zuten goiza izan.

Gisa honetako lasterketetan nork bere buruarekin izaten du lehiarik gogorrena, hura baitute lagunik eta etsairik handiena bidean. Aurreko urteko denbora hobetzea batzuen nahia, irten eta bukatzea beste batzuena; baina ez gaitezen engainatu, norberarenari balio emateko gainerakoenarekin alderatzeko joera barru-barruan sartuta daukagu, eta ez kirolean bakarrik, horregatik dira hain estimatuak lasterketa hauetako sailkapen zerrendak, baita irten ez direnen artean ere.

Horietan aurreraxeago edota atzeraxeago egotea da lasterkari askoren funtsa, eta horregatik horrenbeste astakeria, erokeria... kirola besterik gabe egitea zentzua galtzen hasi delako, akaso; demostrazioa egitea buruan, norberari lehenik, eta, bigarrenik, akuilu moduan, «ezetz halako edo bestelako denbora egin» afari apustua egin dutenei.

Ezin esan festa giroan horrenbeste lagun korrika ikustea deigarria bezain polita ez denik, ezin da esan ordea, hau kirola bada, kirola osasuntsua denik, osasunarentzat batere onak ez diren joerak errepikatzen baitira urtero udazkenaren buelta honetan.

Atzotik jada, berriz ere, kontzientziaren karga txikiagoarekin pasieran ibiltzeko aukera dugu korrikan egiteko horrenbesteko «grina» ez dugunok. Bidegorrietako trafikoa arinduko da, bai behintzat denbora puska batean, baten batzuentzat lasterketa hau kopetan hartu gabe korrika egitea ez baita korrika egitea, eta kirola ere ez, sanoz oso sanoa bada ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo