GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Era askotako ekimenen bitartez aldarrikatu dute euskararen ofizialtasuna

Iragan berri den astean, Ezabaketa Astean buru-belarri ibili da Euskal Herrian Euskaraz taldea, eta horren harira burutu dituzten ekintzak askotarikoak izan dira. Urtero bezala, helburua «hizkuntza eskubideen zapalkuntzak burutzen diren guneak identifikatu, eta salaketa egitea» izan da.

p016_f01_140x104.jpg

Ruben PASCUAL

Urtero legez, Euskal Herrian Euskaraz-ek Ezabaketa Astea burutu du azken zazpi egunetan zehar. Herriz herri eta auzoz auzo, hamaika ekimen eta hamaika ezabaketa egin dira, Euskal Herri osoan zehar. Ekimen horien bitartez, herritarren hizkuntza eskubideen zapalkuntzaren adibideak agerian utzi, eta halakoak posible egiten dituzten politikak salatu dituzte herritarrek.

Asteari jarritako izenak berak adierazten duen bezala, ezabaketak izan dira nagusi egun hauetan. Hala ere, izaera, mota eta helburu askotako ekimenak burutu dira. Horrela, herritarrak ofizialtasunaren aldarrikapenera lotu, eta honen inguruan batzeko egin diren deialdiak ugariak eta anitzak izan dira: txirrindu martxak, ezabaketak egiteko kalejirak, triki-poteoak, elkarretaratzeak, esku-orrien banatzea...

Hamaika ekimen, helburu bakarra

Joan den astean zehar burututako ekimen oro, Euskal Herrian Euskaraz-ek azaldutakoaren arabera, «helburu garbi batekin burutu dira: hizkuntza eskubideen zapalkuntza burutzen diren guneak identifikatu, eta salaketa egitea». Hala, administrazio esparru ugari «markatu» dira hainbat herri eta auzotan: udala, justizia, osasungintza, eskolak, merkataritza guneak...

EHEk jakinarazi duenez, egindako ekimenen zerrenda luze-luzea da: Iruñerrian, esaterako, TIL ereduko (hizkuntza integratuen tratamendua, euskara edo gaztelaniaz gain, ingelesaren ikasketa barneratzen duena) hainbat eskola «markatu» dituzte; Ondarroan, txirrindu martxa egin zuten herrian zehar; Oiartzunen, aldiz, Alcampo eta Carrefour merkataritza zentroak «Euskaraz eta kitto!» zioten pegatinaz josi zituzten, euskaraz erosteko eskubidea aldarrikatzeko asmoz; eta, beste herri askotan egin zen bezala, Gasteiz, Durango, Altsasu eta Soraluzen ezabaketa-kalejirak burutu zituzten.

Istiluak ere izan dira

Euskal Herrian Euskaraz kolektiboak igorritako oharrean zehazten denaren arabera, zenbait herritan ezin izan ziren antolatutako ekimenak burutu, Ertzaintzak edo Udaltzaingoak eragotzi egin zituelako.

Tolosaldean, esate baterako, txirrindu martxa egiteko asmoa zuten Tolosatik Villabonara, baina ezin izan zuten egin. EHEk salatu duenez, «Tolosatik irten bezain laster, `Euskara ofiziala' zioten banderolak zeramatzaten hiru txirrindulari identifikarazi zituen Ertzaintzak». Gainera, talde euskaltzaleak ertzainen jarrera gogor kritikatu du, erdara hutsean hitz egin zietelako txirrindulariei eta, gainera, bakoitzari 400 euroko isun jarri zietelako.

Hala ere, hori ez zen izan kalapita bakarra. Izan ere, joan den asteartean, hilak 4, Gasteizko bi herritar identifikatzera behartu zituen udaltzaingoak. Bi aldiz eskatu zieten udaltzainei euskaraz egiteko, eta ordainetan, polizia etxera eraman zituzten.

EHEk gaitzetsi egin du bertan gertatutakoa, «itzultzailearekin aritu behar izateaz gain, hizkuntzaren harira irainduak» izan zirelako. Euskal Herrian Euskaraz-ek gogor egin du horrelako ekinbideen aurka, eta zentzu horretan, «euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezela exijitzen ibili behar izateaz gain, horregatik identifikazioak, isunak eta irainak jasan behar» izatea salatu dute.

Talde euskaltzalearen aburuz, «gaur egun normaltasunez bizitzea ez da posible» eta «euskararen bazterketa eragiten duten adibideak» eremuz eremu topa ditzakegula azaldu dute. «Egoera hau ahalbidetzen duten errudunak -EHEren oharraren arabera- egungo hizkuntza politikak, eta horiek aurrera eramaten dituztenak dira». Ildo horretatik, kritikatu dute «elebitasunean eta euskararen marjinazioan oinarritutako ideiekin», euskaldunok «bereizkeriara» eramaten gaituztela. Era berean, egoera hau aldatzeko beharraz ohartarazi dute, euskaldunok «beti izan garelako baztertuak, eus- kararena beharko lukeen herrian».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo