GARA > Idatzia > > Kultura

Omenaldi beroena, Ernest Alkhat baxenabartar bertsolariari

Atzo eman zioten azken agurra Ernest Alkhat bertsolariari, familiak, lagunak eta Bertsozale Elkarteko kideek Armendaritzen. Iholdin sortutakoa, ostiralean hil zen, 57 urte zituela. Sustrai Colinak eta Jean Pier Mendiburuk «Kazeta.info»ri esan bezala, «gizon alaia» zen.

p042_f01_152x120.jpg

GARA | ARMENDARITZE

Omenaldi beroa eskaini zioten atzo lagunek, familiak eta Bertsozale Elkarteko kideek Ernest Alkhat bertsolariari. Elkarteko lehendakari Iñaki Muruak lore eskaintza egin zion, eta Alkhaten bertsolari lagunek meza garaian eta bai ondoren ere, bertsoak eskaini zizkioten.

Mixel Aire Xalbadoren eta Mattinen lekukoa hartu zutenen belaunaldiko bertsolaria, Iparraldeko Bertsularien Xapelketaren bestaren atarian, ostiralean, zendu zen Alkhat.

1951an jaio zen Iholdin eta gaztetatik hasi zen bertsolaritzan, 14 urterekin kantatu zuelarik bere lehen bertsoa. Herrian bertan hasi zen bertsotan, eta pixkanaka mugitu zen eta Hegoalderantz joaten hasi zen. Mixel Airerekin batera plazaz plaza ibilitakoa zen eta egungo bertsolari askoren lagun eta irakasle ere izan zen; besteak beste Sustrai Colina eta Amets Arzallusena.

«Txikitan ezagutu dut Ernest, Ikastolan bertsolaritza kurtsoak ematen zizkigularik. Harekin bertsoak nola egiten diren ikasten hasi nintzen». Halaxe gogoratu zuen Sustrai Colinak Iholdiko semea, Kazeta.infok eginiko elkarrizketan. «Bertsolari alaia» zela ere aipatu du, «plazerez joaten nintzen haren kurtsora. Beti istorio bat edo beste bazuen kontatzeko».

Alkhatekin batera bertsotan aritutako lagun bat ere mintzatu zitzaion Kazeta.infori. Jean Pier Mendiburu, hain zuzen ere, Nafarroako Txapelketan haren kontra lehiatu zena 1994. urtera arte, Alkhatek berak parte hartzeari utzi zion arte. Mendiburuk hari buruz adierazi zuenez, «Ernest gizon handia zen. Jendearekin harremanak errazki egiten zituen eta jendeak asko preziatzen zuen haren irekitasuna».

Gazteei lekua utziz

Mendiburuk Alkhaten bertsokera ere azpimarratu zuen. Haren hitzetan, «haren bertsoek bere izaera berezia islatzen zuten, bertsolari arrunt poeta genuen eta». Colinak esan bezala, Mendiburuk ere Alkhaten alaitasuna azpimarratu zuen. «Gizon alaia zen zinez; giro ederra ematen zuena bertso afarietan. Plazera hartzen nuen harekilan bertsotan aritzean. Ernesten alaitasuna bihotzean atxikitzen dut», penaz mintzatu zen.

Kazeta.infok gogora ekartzen duenez, Itxaro Borda idazleak egin zion elkarrizketa batean hauxe esaten zuen Alkhatek Ipar Euskal Herriko bertsozale berriei buruz: «Gaurko gazte gehienek badituzte mila gauza tentagarri: kantua, musika, edozein kirol, pilota, foota, rugbia eta gaineratikoak. Uste dute bertsolaritzak ere bere tokia baduela, Euskal Herrian berexiki, eta agian egun batez, horretarako hautua eginen dute batzuek, ez dut bertzerik desiratzen... Ene gogo eta bihotz guziaz laguntza ekarriko diet horiei».

Mendiburuk ere hala ekarri zuen gogora eta, bukatzeko, aipatu zuenez «belaunaldi berriak bertsoei freskotasuna ekartzen ziotela ikusirik, gazteei lekua utzi nahi izan die».

Joan den urtarrilean, bestalde, Auspoa argitaletxeak Ernest Alkhaten bertsoak liburu batean bilduta argitaratu zituen, «Ene ezkilaren dangak» izenekoan. Joanes Arrosagarai eta Jean Pier Mendibururenak ere bildu zituen, liburu banatan. Orduan, bere belaunaldiko garaiak hartu zituen bertsolariak gogoan: «Mattin eta Xalbadorrekin kantatzeko parada izan genuen. Baina, ez ziguten oparirik egiten. `Guk gurea egin dugu, zuek egin zuena' erraten ziguten».

Alkhat ez zuen soilik bertsolaritzak egin ezagun. Izan ere, berak egindako xingarrek lehen saria jaso zuten urtero Baionan egiten den urdaiazpikoaren azokan, 2005. eta 2006. urteetan lortu zuen hori.

TXAPELDUN

Nafarroako Bertsolari Txapelketa 1987an eta 1989an irabazi zuen Alkhatek, eta gaztetan Lauaxeta saria ere bereganatu zuen. Behin baino gehiagotan bigarren eta hirugarren sariak ere lortu zituen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo