GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Itsasoaren suspertzea eta arrantzaleen kezka

Europar Batzordearen proposamenak, datorren urtean ere antxoa harrapatzeko debekuari eusteak, arrantzaleen ezinegona sortu du. Arrantza Ministroen Kontseiluak erabakia berresteko zain, ez da berri ona arrantzaleentzat, antxoa harrapatu gabe bi urte eman ostean, haien egoera are gogorragoa izango baita. Gutxienez kopuru txikian harrapatu ahal izatea espero zuten, diotenez, antxoa ikusi baitute, zenbat zehaztu ezin badute ere. Itsas Arazoetako eta Arrantzako komisario Joe Borgen hitzetan, azken urteetako politika oso eraginkorra izan da hainbat espezieren populazioak lehengoratzeko. Nolanahi ere, erabakia hartu baino lehen egoera zehazki aztertzeko eskatzen dute arrantzaleek. Beharrezkoa da itsas ustiapen neurrigabearen ostean, kontrolatu gabeko gehiegikerien ostean, halako neurriak hartzea, ikerketa zientifikoek gomendatzen dutenaren arabera. Arrantzaleen egoera gero eta larriagoa gehiegikeria haien ondorio da, eta ulergarria da lehenbailehen antxoa arrantzatu nahi izatea, beren egoerak premiatuta. Egoera hori sektore baten egoera penagarria da eta. Itsasoa suspertzeko ahaleginak egiteak, ordea, ez luke arrantza sektorea hiltzea ekarri behar. Eta dagokionak, areago herri proiektua baldin badu, behinik behin, neurri eraginkorrak hartu beharko lituzke arrantzale horienak, Euskal Herrian enblematikoa den sektore batenak, egin duela esan beharrean ez izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo