GARA > Idatzia > > Mundua

Zortzi persona tiroz hil dituzte Mexikoko iparraldeko mugatik hurbil

Mexikoko iparraldeko mugatik hurbil dauden zenbait hiritan zortzi pertsona tiroz hil zituzten hogeita lau ordutan, ustez gaizkile taldeek tirokatuta. Urtean zehar 4.300 pertsona baino gehiago hil dira Mexikon gaizkile taldeen ekintzen ondorioz.

GARA |

Hogeita lau ordutan gertatutako zortzi heriotzatik lau Tijuana hirian izan ziren. Mexikar agintariek gaizkile taldeei leporatutako lehenengo ekintzan pertsona bat hil zen, delinkuenteen arteko oinez egindako jazarpen baten ondoren.

Bigarren pertsona bat hiri bereko ibilgailuak garbitzeko tailer batean hil zuten. Lekukoen arabera, armatuta zeuden zenbait pertsona hango bulegora sartu ziren, eta bertan zeudenen kontra behin eta berriz tiro egin ondoren, hanka egin zuten.

Geroxeago, alboko Rosarito hiritik hurbil ezezagun batzuek PRI alderdiko Estatuko diputatu baten anaia bat hil zuten. Gaizkile talde batek etxera heldu zenean tirokatu zuen gizona, bertan hilez.

Tijuanako auzo batean tiroak entzun ondoren, Poliziak 26 urteko gazte baten gorpua aurkitu zuen igande egunsentian.

Aurten gaizkile taldeen ekintza gehien gertatu izan diren Estatu mexikarrak Tijuana eta Rosario hiriak dauden Behe Kalifornia mugaldeko Estatua izan da. Tijuana Arellano Felix sendiak kontrolatzen duen kartelaren egoitza da.

Halaber, ustez droga trafikoarekin zerikusia zuten pertsona biren gorpuak aurkitu zituzten mugatik hurbil dagoen Nogales hirian, Sonorako agintarien esanetan. Gorpuak tiroz josita zeuden.

Sonoran ere, Benito Juarez hirian, segurtasuneko herri-arduradun bik bizia galdu zuten. Bietako baten kamioneta eraman nahian zebilen kaputxadun talde bati aurre egiterakoan sortutako borrokan, erasotzaileek haien kontra tiro egin eta hil egin zituzten.

Mexikoko agintariek emandako datu ofizialen arabera, 4.300 pertsona baino gehiago hil dira Mexiko osoan 2008ko azaroa bitartean gaizkile taldeen ekintzen ondorioz.

istripua

Gobernu mexikarrak Barne ministroaren hegazkinak ez zuela airean eztanda egin ziurtatu du, hala, istripuaren tesia berretsiz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo