Bigarren Mailako Lau eta Erdiko Txapelketa
Luis Cabrerizok eragotzi du gipuzkoarren arteko ligaxka
Soriako aurrelariak Jokin Argote kanporatu du Tolosan (22-13), eta berak jokatuko du finalerdietako ligaxka Mendizabal, Belloso eta Olaetxearekin batera.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Asteburuko emaitzak ikusita, azkenaldian pilota munduan oso ohikoa ez den traza hartzetik gertu egon da Bigarren Mailako Lau eta Erdiko Txapelketa. Finalerdietako ligaxkara sailkatu diren lau pilotarietatik hiru Asegarce enpresakoak dira eta hirurak gipuzkoarrak. Mendizabal, Belloso eta Olaetxearekin batera, Argote zen gipuzkoarren arteko ligaxka osa zezakeena, baina Cabrerizo soriarraren aurka 22-13 galdu zuen Tolosan.
Sailkatu direnetatik esperientzia gehien duena Aratz Mendizabal da. Zaldibiako aurrelariak badaki kaiola barruan zilarrezko txapela janztea zer den -2006an lortu zuen- eta iaz Lehen Mailan jokatu ondoren beheko txapelketara itzuli da aurten. Asteburu honetan jokatu diren final-laurdenetan, Mendizabalek Alberto Ongay kanporatu zuen (22-18).
Gazteagoak eta, beraz, esperientzia gutxiago dutenak dira Belloso, Olaetxea eta Cabrerizo. Mikel Olaetxea lizartzarra izan zen iazko txapelketako ezuste nagusia. Bere lehen partaidetzan finalerdietan sartu zen eta azken egunera arte finalera sailkatzeko borrokan egon zen. Aurten beste aukera bat izango du final-laurdenetan Apezetxea menderatuta (22-6).
Bellosok eta Cabrerizok, bestalde, aurrenekoz lortu dute finalerdietako ligaxkan sartzea. Azken kanporaketetan, Bellosok Uriarte kaleratu zuen (22-17) eta Cabrerizok, Jokin Argote, iaz finalera heldu zen atzelaria.
Hala ere, Asegarcek zilarrezko lehiaketetan erakusten duen nagusitasuna ez da berria. Lau eta Erdian haiek izan dira garaile azken hiru urteetan eta Binakako Txapelketan ere beste horrenbeste gertatu da. Emaitza hobeak lortu ditu Aspek Buruz Burukoan, Berasaluze IX.ak 2006an eta Urberuagak 2007an lortutako bi txapelei esker.
Tolosa
Galarza V-Merino I 10 / Berasaluze IX-Beroiz 18; Gonzalez-Lasa III 16 / Olazabal-Pascual 22; Argote 13 / Cabrerizo II 22.
Burlata
Mujika-Iruretagoiena 9 / Untxalo-Apeztegia 18; Mujika-Labaka 18 / Arrizabalaga-Jaka 10.
Galarreta (16.00)
Zulaika-Urko / Martinez II-Olazar; Uterga-Eizagirre / Agirresarobe-Etxeberria III; Bereziartua-Zubizarreta / Etxeberria IV-Martinez I / Etxabe II-Ion / Matxin IV-Badiola
Egia (19.15)
Onsalo-Baez I / Baez II-Lopetegi; Mendizabal-Linzoain / Elurbe-Otxandorena
Jon Eizagirre gaur berragertuko da Galarretan hiru hilabetez min hartuta egon eta gero. Atzelari zarauztarra Utergaren bikotekidea izango da Agirresarobe eta Etxeberria III.aren aurka jaialdiko partida nagusia jokatzeko. Binakako Txapelketara ongi heldu nahi du.
Gazteen Promozio Txapelketako bi partida ere jokatuko dira Galarretan. Zulaika-Urko eta Martinez II.a-Olazar bikoteak neurtuko dira lehenik; Bereziartua-Zubizarreta eta Etxeberria IV.a- Martinez I.a bikoak ondoren. Finalerdietako joaneko neurketak dira.