Software librea euskararen geroa bermatzeko tresna
Musika eta filmak kopiatzea ohiko egin den bezala, gero eta gehiago dira ordenagailurako softwarearen kopiak ere. Dena ez da, ordea, ordaindu nahi ez izatea. Izan ere, sareko informazio eta zerbitzuak denen eskura jartzeaz gain, tokian tokiko beharrei erantzuteko ematen duten aukerari probetxu ateratzea ere badago hautu horren atzean.
Janire ARRONDO
Software librea Euskal Herrian jardunaldien baitan «Teknologia libreak eta eremu urriko hizkuntzak: euskara teknologietan» mahai-ingurua egin dute aste honetan Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean, EHUko Sanchez-Mazas Katedraren laguntzarekin. Bertan hizlari lanetan Julen Ruiz Librezale taldeko kidea, Iñaki Alegria EHUko irakaslea eta Galder Gonzalez euskarazko Wikipediako administratzailea aritu ziren. Beren helburu nagusia «herritarrei Software Librea gerturatzea eta haren erabilera sustatzea».
Hardwareak ordenagailuaren zati fisikoak biltzen dituen bezala, softwarea ordenagailuaren atal logikoa da, edozein ekintza egitea ahalbidetzen duena. Bere sorreratik ordea, software zehatzen iturri kodea ezin da eskuratu, eta horren lekuko da Microsoftena, erabilietan erabiliena.
Software libreak berriz, eskuratu ondoren erabili, kopiatu, aztertu, moldatu eta banatzea posible egiten du. Adituek defendatu zutenez «tokian tokiko beharrei erantzuten die software libre horrek, eta Euskal Herriaren garapen teknologikorako ezinbesteko lanabes bihurtu da».
Euskarara moldatzeko aukera
Julen Ruiz Librezale taldeko kideak, orokorrean, Software Libreak hizkuntza ezberdinetara moldatzeko ematen dituen aukerak agertu zituen. Librezale, euskara informatika alorrean sustatzeko helburuarekin lanean dabilen lantalde irekia da.
Haren hitzetan Software Libreak «lokalizaziorako aukera eskaintzen du, hizkuntza ezberdinetara moldatzeko aukera, alegia». Azaldu zuenez, «ordenagailua erosterakoan softwarea aurrez instalatua ekartzen dute, eta pribatiboa izaten da eta gaztelaniaz». Horren aurrean, aplikazioak euskaratzeko hainbat saiakera egin badira ere, «antzuak» izan direla azaldu zuen Ruizek. «Horren adibide da, esaterako, Eusko Jaurlaritzak, Microsoftekin akordioak eginda softwarea euskaratzeko egin zituen hainbat inbertsio». Itzulpena egin ondoren, ordea, Microsoftek ez zuen erabiltzaileen eskura jarri. Ruizek gaineratu zuen «Software Libreak, ordea, euskaraz aritzea posible egiten du». Software Librearen erabilera zabaltzeko «norbanakoen eta taldeen lana beharrezkoa da, baina, hezkuntzara ere jo behar da» argitu zuen Ruizek. Horren lekuko dira Ordiziako Jakintza ikastolakoak, «Software Librea erabiliz, klasean euskaraz lan egiten dute, egunean eguneko aplikazioekin».
EHUko irakasle Iñaki Alegriak, berriz, Lakuari Software Librea «ez zaiola interesatzen» salatu zuen, eta hezkuntzan ere, «narraskeriagatik edo» ez zaiola behar bezalako erabilera ematen esan zuen. Sarean bila daitezkeen euskarazko softwareen berri eman zuen Alegriak. Bere hitzetan, Katalunian egindako katalogo batean oinarrituta dago. Beste ustez, «aipatzekoa da gero eta euskarazko software gehiago daudela, eta neurri horretan katalogoa ere handitzen doala». Besteen artean, libre dauden euskarazko aplikazioak Euskalbar, Matxin edo Xuxen dira, azken horren jatorrizko bertsioa librea ez bada ere. Galder Gonzalez, bestalde, iturburua jakintza librean duen sareko Wikipedia entziklopediaren gainean jardun zen. Wikipedia auzolanean eraikitzen den entziklopedia askea da, «nahi duenak, nahi duenerako», guztira 264 hizkuntzetan ditu bertsioak. Alexa web-trafikoaren neurtzailearen arabera, sareko zortzigarren lekurik erabiliena da Wikipedia, Yahoo edo Hotmailen atzetik, besteak beste.
Entziklopediako artikuluen sortzeari dagokionez, Gonzalezek azpimarratu zuen «hizkuntza txikiagotuek ratio altuagoak dituztela» eta horren lekuko da euskara. Euskaraz 1.000 artikulu egiten dira 5 astetan, alegia, eguneko 30, beraz, «ez da marka txarra».