GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Langile pobreen» kopurua handituz doa, Secours Catholiqueren esanetan

Prekaritatearen handitzea nabarmendu zuen atzo Secours Catholique elkarteak urteroko balantzea egiterakoan. Laguntzen kopurua handitu dela-eta, 2008. urteko beharrei erantzuteko ahalak ez lortzearen beldur dira. Azaroan egin ohi dute urtero diru bilketa kanpaina.

Ainize BUTRON |

Secours Catholique erakundeak bere urteko balantzea egin zuen atzo, eta, berriz ere pobreziak aurrera egin duela nabarmendu zuen. Orotara, 2007. urtean Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan 4.100 familia lagundu ditu egitura horrek; eta kopuru horretan, gehiengoa 25 eta 49 urte arteko lagunak badira ere, erretiratuek gora egin dute iaz.

«Familia esaten dugularik, hiru pertsona biltzen dituen etxeaz ari gara. Beraz, lagundu dugun kopuru hori hiru aldiz bidertu beharko genuke», goraipatu zuen Germaine Bourdais elkarteko zuzendariak. Erretiratuekin batera, guraso bakarreko familien kopurua handitu egin dela ere esan zuen.

Datu esanguratsu horietatik at, zabaltzen ari den prekarietatea agerian jarri nahi izan zuen Secours Catholique elkarteak. «Langile pobreak» deitu pertsonen kopurua, izan ere, %30ekoa izan zen 2007an.

«Hala izendatzen ditugu epe laburreko kontratuak edo enplegu prekarioak dituzten langileak», argitu zuen. Aurreko urtean jadanik, sail horretan gorakada bat sumatu zuten, eta joerak berean jarraitzen zuela esan zuen Bourdaisek. «Lehenago esaten zen pertsonak pobreziatik ateratzeko lan bat aurkitu behar zutela. Gaur egun argi dago lanak ez duela gerizatzen», esan zuen.

Behar horiei guztiei erantzuteko ahalak dira gaur egun gehien kezkatzen duena Secours Catholique elkartea. Jakinez, bere aurrekontuaren %60 diru eskaintzetatik datorrela, krisiak arlo horretan ukan dezakeen ondorioek beldurra eragiten ziela aitortu zuen Bourdaisek.

«Azken bi urteotan beharrak gero eta handiagoak direla ikusten dugu. Laguntza zuzenen kopuruak gora egin du, eta aurten lehenago ez bezala gure aurrekontua bere osotasunean baliatu dugu», esan zuen.

Beharrak areagotu

Lagundu dituzten familien kopuruak gutxi gorabehera bere horretan jarraitzen badu ere, diru zenbateko handiagoak banatu dituzte. Horrela, 150 eta 200 euro arteko diru zama eman dute 2007. urtean. «Kopuru hori 80 eurokoa zen aurreko urtean. Askotan laguntza horiek elektrizitatea, alokairua, asegurantza edo beste horrelako faktura batzuk ordaintzeko baliatuak dira. Laguntzen ditugun familien finantza egoerak oso larriak dira. 2007. urtean guztira 130.000 euroko laguntza eskaini dugu», goraipatu zuen.

Mota horietako laguntzak garapen handia izan dute eskualde jakin batzuetan, hala nola, Donapaleu, Bidaxune, Hazparne, Bardoze eta Donibane Lohizunen. «Aurrekontu bat finkatua genuen, eta gainditu dugu», zehaztu zuen Secours Catholique elkarteko zuzendariak.

Eskualde horietan mikrokredituek garapen handia izan dute. «Mikrokredituak, bankuaren elkar laguntzan finkaturiko ekimena da. Maileguak eskaintzen ditugu proiektu zehatz baterako. Halako maileguak eskatzen dizkigute garraioari dagozkion proiektuetarako, esate baterako autoa konpondu, edo bigarren eskuko autoa erosteko», argitu zuen.

Halako premiei erantzuteko beharrezkoa duten diru kopurua biltzea lortzen ez balute, urtean zehar ekintzak antolatzeko asmoa aurreratu zuen Secours Catholiquek.

«Diru premia gero eta handiagoa da. Egoera hori areagotu baizik ez da egiten, beraz, erakundeak berak premia horiei erantzuteko behar duen dirua handiagoa da», bukatu zuen esanez Germaine Bourdaisek.

Azaroan

Azaroan egin ohi du Secours Catholique elkarteak bere urteko diru bilketa kanpaina. Jadanik abiatu duela-eta, elkarte gisa krisiaren ondorioak sumatzen dituztela nabarmendu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo