GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Mikel Uharte, Iñigo Rudi eta beste 43 sinadura Intsumiso nafarrak

Poligonoaren aurka, gerren aurka

Ingurune zibilaren eta gune babestuaren lasaitasuna nahiago dugu, NATOk Europan duen instalazio militar handienetako bat inguruan dugula jakiteak eragiten digun ezinegona baino

Nafarrak gara eta orain 60ren bat urte direla Bardean ezarritako tiro eremuan izaten diren bonbardaketek eta metrailamenduek eragiten dituzten arriskuak eta eragozpenak pairatzen ditugu. Intsumisoak gara eta, derrigorrezko zerbitzu militarra erauzteko lanean gure ekarpena eginda, gutako askok horregatik urte bat eta bi urte bitarteko kartzela zigorra pairatu genuen baina, ordainez, milaka gaztek urtero lana eta familia bertan utzi eta armadara joan behar izateari azkena eman genion. Egun, berriz, uko egiten diogu, goitik behera uko egin ere, Bardeako gure lurraldea aurrerantzean gerra eta txikiziorako entrenamendu leku izateari. Bakearen aldeko eta Bardea desmilitarizatzearen aldeko adierazpen honen bidez, gure ahotsaz bat egin nahi dugu Bardeako tiro eremua eraisteko eskatzen ari diren pertsona eta instituzio guztiekin, anitz baitira horren aldeko adierazpenak udaletako mozioen bidez, agirien bidez eta, bereziki, honezkero hogeita bat urtez, urtero-urtero, Eremuaren Aurkako Asanbladaren eskutik, egiten diren ibilaldien bidez.

Bardea bakerako nahiago dugu, gerrarako baino. Bardea sai-zuria bere kasa habia egiten dabilenekoa nahiago dugu, bonba hotsek ikaratutako Bardea baino.

Ingurune zibilaren eta gune babestuaren lasaitasuna nahiago dugu, NATOk Europan duen instalazio militar handienetako bat inguruan dugula jakiteak eragiten digun ezinegona baino, Parke Natural eta Munduaren Biosferaren Babesgune baten erdian egonda.

Ingurune osasungarria nahiago dugu, bere esperimentuetan frogagai ditueneko sustantziak eta armamentuak zein diren isilpean gordetzen duen instalazio militarra baino. Gure instituzioek ematen dituzten zerbitzuak instituzio nafarren aurrekontuetatik etortzea nahiago dugu, gerrarako entrenamenduetatik ateratako dirutik baino.

Nafarroako Gobernuari, Nafarroako Parlamentuari, Bardeako onurakide diren egituretan ordezkaritza duten alderdi politikoei, Bardeako Komunitateari, arren eskatzen diegu errealitateari begiratu eta euren auzokideen interesak lehenets ditzaten, Defentsaren interesen gainetik. Ez diegu eskatuko guk bezala sentitzeko bakeak gehiago balio duela gerrarako entrenamenduetarako baimena emateak ekartzen ahal duen diru guztiak baino. Bai, ordea, eskatzen diegu herritarrak ez ahazteko, hainbeste hamarkadatan beste erkidego bakar batek ere nahi ez duen instalazio militarra bertan mantentzeko asmoaren aurrean.

Bardeako tiro eremua orain bertan eraitsi beharra da, egungo hitzarmena heldu den abenduan amaituta hura inolaz ere berritu gabe. Bide honetatik, Ekologistak Martxan taldearen eta Eremuaren Aurkako Batzarraren proposamenak gure egiten ditugu, eta beste hainbatetan Nafarroako Parlamentuak, Tuterako Udalak eta Nafarroako beste hainbat udalek egin izan duten moduan, honako hauek eskatzen ditugu:

1. Instalazio militarren eraispena 2008an, egungo hitzarmena amaitutakoan.

2. Tiro eta bonbardaketa eremua birgaitzeko plan bat prestatzea eta aurrera eramatea, Defentsa Ministerioaren eskutik, bere gain hartuko dituena, gutxienez, gailu arriskugarri guztien desaktibazioa, han diren milaka txatarra tonelada horiek bertatik ateratzea eta lurzoruaren deskontaminazioa.

3. Eskumena duten agintarien aldetik, Eremuak hartzen dituen 2.200etik gora hektareak babes eremu aldarrikatzea, bertan uztarturik, alde batetik, pertsonentzako segurtasuna, hor egon daitezkeelako, oraindik ere, gailu arriskugarriak, eta beste alde batetik, lurralde horretako landare eta basapiztientzako babesa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo