GARA > Idatzia > > Mundua

Guantanamo ixtea ez dela nahikoa ohartarazi diote Barack Obamari

Guantanamoko basearen eta bertan dauden 250 bat presoen etorkizuna airean dago. Barack Obama presidenteak basea itxiko zuela esan zuen kanpainan. Horrez gain, balizko ardurak ikertzeko «batzorde independente eta neutroa» osatzeko eskatu diote hainbat ikertzailek.

GARA |

«Kolpeak, ordu luzez lotuta egon beharra, etengabeko irainak, argirik gabeko ziega txikiak eta behin aske geldituta, eguneroko bizitzari berriro heltzeko ezintasuna». Kaliforniako Berkeley Unibertsitateko hainbat ikertzailek Ameriketako Estatu Batuek Guantanamon duten base militarrean dauden edo egon diren presoen egoeraren gainean egin duten txosten sakonaren pasarteetako bat da arestian aipatutakoa. Giza eskubideen urraketa horiek guztiak oinarri hartuta, eta balizko ardurak ikertzeko batzorde «independentea eta neutroa» osa dezan eskatu diote Barack Obamari. Ikertzaileen hitzetan, Guantanamo ixtea ez da nahikoa. Hori agindu zuen Obamak hauteskunde kanpainan, baina ez zuen zehaztu zein bide jarraituko duen ezta errugabe izanik ere preso egon direnei kalte-ordainak ordainduko dizkieten ere.

Egun, 250 preso inguru daude Guantanamon, gehienak beraien kontrako akusaziorik gabe. Horietatik 50 libre uzteko agindua eman duten arren, ezin dute jaioterrira itzuli han mehatxatuta daudela-eta. 2002tik hona, 750 lagunetik gora izan dira preso Guantanamon.

Laurel Fletcher-ek eta Eric Stoverrek, CCR Konstituzio Eskubideetarako Zentroaren sostenguarekin, 9 herrialdetako 62 preso ohi elkarrizketatu dituzte. «Amesgaiztoa ez da kalera ateratzearekin bukatzen. Sekula deus ere leporatu ez dietenez, ez dute bere burua defendatzeko aukerarik izan. Beraz, Guantanamon egon izanaren estigma ezin dute gainetik kendu eta lana topatzeko zailtasunak izan ohi dituzte», nabarmendu zuen Fletcherrek. Askori familiak eta auzokideek bizkar eman diete «terroristak» izateagatik.

«Amesgaiztoak, beldurra, ezinegona eta arranpak pairatzen dituzte jasan zuten tratuaren ondorioz», salatu zuen.

testigantza

«Ditudan ondasun guztiak plastikozko poltsa honetan daude. Ez dut sekula askatzen. Gauero meskita batean lo egiten dut», esan du Guantanamoko preso ohi batek txostenean.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo