GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Euskal futbolariak, beren nazioaren ordezkari

Euskal futbolariak ez daude Euskadi-Iran partida jokatzeko prest. Ez izen horren pean, behintzat. Euskal Herriko selekziorik ez dagoen arren, Euskal Herriaren izenean jardun nahi dute-eta. Euskadiko Futbol Federazioak joan den urtean emandako hitza jan eta selekzioaren izena aldatuta eman berri duen atzerapauso nabarmenaren aurrean, futbolariek beren nazioa munduaren aurrean ordezkatzeko borondatea agertu dute. Eta eskubidea dute, gaineratu liteke. Ez da garrantzi gabeko erabakia, Euskadiko Federazioarena ez den bezala, izena aldatuta selekzioaren izana ere aldatzen baita, futbolariek argi asko ikusi duten bezala.

Euskadiko Federazioaren erabakia, izan ere, atzerapausoa izan da, joan den urtean emandako pausoa desegitea da. Federazioko lehendakaria bat etorri zen jokalariekin eta jarraitzaileekin duela urtebete eskas, selekzioa izendatzeko egokiena «Euskal Herria» erabiltzea zela esanda, baina oraindik orain «Euskadi» gehiago komeni zaiola iritzi zion, aldaketa justifikatzeko. Erabaki horren benetako zergatiak, ordea, badirudi lotura estuagoa duela «Euskal Herria» izenaren aurka agertu ziren zenbait buruzagi jeltzaleren adierazpenekin, «lau jokalariren kontua» zela esan zuten haiekin, hain zuzen. Alabaina, Federazioak erabakitako izen aldaketari ez diote lau jokalarik erantzun, Euskal Herriko futbol talde nagusietako eta beste batzuetako 165 futbolari eta futbolari ohik baizik. Eta erantzuna, joan den urtean Kataluniaren kontrako partidan eta ondorengo mobilizazio jendetsuan egin zenarekin bat eginda, ofizialtasunaren bidean emandako pausoen defentsa izan da, nazio aldarrikapena, alegia.

Euskal futbolariek argi dute. Euskadiko Federazioak beharbada ere bai, baina gogoeta egin behar luke euskal selekzio nazional ofizialeranzko pausoen alde egin behar duen, beti bezala euskal jendartearen atzetik bada ere, edo bertan gozo egin nahiago duen. Selekzioaren izen aldaketari dagokionez, ez du zuritzen erraza. Ezta aurrerapausoak emateari dagokionez ere, are gutxiago abenduaren 6an Euskal Herriko Kick Boxig Selekzioa Espainiakoaren kontra lehiatuko dela kontuan izanda.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo