GARA > Idatzia > > Ekonomia

Euskal Herri osoko auzolanari esker, Kako etxaldea salbatzea lortu dute

Nazio Eztabaida Gunearen bidez, Kako etxaldearen borroka Euskal Herri osora zabaltzea lortu da. Etxaldearen segida hartu beharra zuen Fred Larrañaga kanporatze arriskuan zela-eta, auzolanaren bidetik diru bilketa kanpaina burutu, eta, urriaren 31n izenpetu zuten salmenta akta.

Ainize BUTRON |

Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beheretik at, Euskal Herri osoko herritarren elkartasunari esker lortu dela Kako etxaldea salbatzea nabarmendu zuten atzo Bizitegia, GFA Lurra eta Nazio Eztabaida Guneko ordezkariek. Marie Christine Elizondo Bizitegiko ordezkariak hauxe gogorarazi zuen: «Etxea erosi ezean, Fred kanporatua izateko arriskuan zegoen. Bizitegia elkartea sortu dugu etxea erosteko dirua biltzeko». Lekuko herritarrek lurren bidez jada diru asko eskainia zutela ikusiz, Nazio Eztabaida Guneko (NEG) ordezkariekin bildu ziren auzolan kanpaina egitea proposatzeko.

Ehun bat lagun mobilizatu dira, beraz, Euskal Herri osoan dirua biltzeko. Horrenbestez, nazio gisa Euskal Herriak dituen gabezia instituzionalen gainetik, ekimen horrek «herri bat badela Euskal Herriaren beharren aurrean lanean aritzeko prest» frogatu zuela nabarmendu zuen Mikel Irastorzak NEGko idazkari nagusiak.

Lurraldeen arteko harremanak eta elkarlan bideak sendotzea eta lantzea beharrezkoa zela esanez jarraitu zuen. Kako bezalako adibideak Euskal Herri osoan hamaika direla-eta, dei bat zabaldu zuen «indarrak batu eta elkarrekin lan honetara atxikitzeko».

SAFERen jokamoldea salatu

Bi urteko borroka «zail eta minberatsua» izan da, eta haren bururapena azaltzeko agertu ziren atzo prentsa aitzinean. Duela bi urte Anne eta Joseph Godementek etxaldea utziko zutela-eta, lurrak Fred Larrañaga gazte laborariaren esku uzteko gogoa azaldu zuten.

«Afera sinplea izan behar zuen, baina, afera politikoa bilakatu da», esan zuen Marie-Claire Lorgori GFA Lurrako kideak. Urriaren 31n salmenta akta notarioan izenpetu zuten. GFA Lurra lurren jabea bilakatu da, Bizitegia, berriz, etxearena eta Fred Larrañagak etxaldean laborantza lana betez jarraituko du.

Emaitza horrekin pozik agertu baziren ere, bi urteotan SAFER egiturak agerturiko jokamoldea gogorki salatu zuten. «Etxaldea erosteko 2.500etan finkatu genituen kuotak. Horiek lortzea ez da zailena izan, baina, bai SAFER egitura eta horren gibeletik manipulazioan aritu den FDSEA sindikatuaren jokamoldea», gogora ekarri zuen.

Kakoren afera, izan ere, sinbolo bat bilakatu zela gaineratu zuen Marie-Claire Lorgorik. «SAFERen bidez, FDSEA sindikatuak GFA eta ELB sindikatuak ukitu nahi izan ditu. Halere, elkartasun handia jaso dugu. Baina, izandako sei atxilotuak eta isunak ez ditugu ahaztuko, eta oraindik gutxiago FDSEAk kasu horretan egindako manipulazio politikoa», salatuz bukatu zuen Lorgorik.

Elkarlana

Euskal Herriaren garapenaren alde lan egiteko herritarren artean dagoen borondatea eta gogoa agerian geratu direla nabarmendu zuen NEGk. Garapenaren alde dinamikak sortzeko deia zabaldu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo