GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Abel Enbeita, Beñat Mendiguren, Arantza Oiarbide, Fito Kerexazu, Esti Besa eta Raul Gartzia Arabako euskaltzaleak

Euskara ere bada Arabakoa

Euskara beti izan da Arabakoa. 1025ean herri toponimo gehienak euskaldunak ziren. Lehendabiziko euskarazko komikia arabarra izan zen, baita lehendabiziko antzezlana edo Bibliaren euskarazko itzulpena ere. 1682. urtean Arabako Batzar Nagusietan ordezkari izateko nahitaez gaztelania jakin beharra zegoela erabaki zen. Hortik aurrera ezaguna da euskarak herrialdean izan duen gainbehera. Hori bai, ez du inoiz behea jo.

Arabarrei esker dago euskara bizirik Araban gaur egun, ez izan beharko lukeen indarrez, baina bizirik. Zorionez, herritarrek beti hartu diete aurre administrazio eta agintariei. Frankismo garaian, euskararen erabilera sutsuki debekatuta zegoenean, arabarrek euskararen lekukoari eusteaz gain, bide egin zioten; beldur zein zigorrei aurre eginez erabiliz, euskaraz irakastea debekatuta zegoenean ikastolak sortuz, ondoren euskaltegiak, euskara elkarteak, aldizkariak, bertso eskolak...

Oraindik baina, arabarroi legez hala dagokigun arren, eskoletan ez zaigu euskararen ezagutza bermatzen, ezta beste makina bat esparrutan ere: osasun zentro, lanbide heziketa, unibertsitate, zinema, komunikabide, administrazioekiko harremanetan (Aldundi, udal, epaitegi, Polizia), kiroldegi, kultur etxe, bide seinale, garraio publiko, lan munduan... Araban praktikan euskara ez da ofiziala eta euskaldunon hizkuntza eskubideak teorikoak dira.

Araban hizkuntza politika eraginkorra ezarri behar da, konpromiso zehatz eta neurgarriak izango dituena eta borondatezko hitzetatik harago joango dena. Aurrekontuak dira horren adierazgarri. Gurean EAJ eta foru gobernukideek PSOEren esku utzi dituzte bigarren urtez euskara sustatzeko aurrekontuak (2008an %0,8 eskas bat) eta ekimena (bide seinaleak euskaratzeari uko egin diote, baita itzultzaile eta interprete zerbitzua eskaintzeari ere, begirale titulua euskaraz antolatzeari, etorkinak euskalduntzeko berariazko programak zein ikastetxeetako normalizazio planak diruz laguntzeari, dauden euskara zerbitzuak indartzeari, derrigortasun datak salbuespenik gabe betetzeari...). Aldundian ez ezik, Gasteiz, Laudio zein Amurrion (Arabako hiru udalerri handienak) ere PSOErekin adostu dituzte aurrekontuak.

Ezkertiar eta abertzale garenok euskara Arabakoa badela gogorazteko premia azpimarratu nahi dugu. Euskara euskal herritar eta arabarron nortasun ikur nagusia da. Euskararekin eta euskaldunon hizkuntza eskubideekin ezin da jolastu. Mendez mende gure arbasoek egin bezala, guk ere Araban euskarak aurrera egin dezan lekukoa eskuz esku eutsi eta honek bide egin dezan egunerokoan lanean jardungo dugu, baita gaur, larunbata, ere «Ni banaiz Arabakoa!» lema hartuta euskararen alde neurri zehatzak exijituz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo