GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Xabier Amuriza, Jose A. Lopez Lauzirika eta beste 21 sinadura 1979tik Amorebieta-Etxanoko Udalean Ezker Abertzaleko zinegotzi hautatuak

PNV, demokrazia Zornotzan?

Amorebieta-Etxanoko alkatearen gonbidapena jaso dugu, azaroaren 15ean egingo den «harrera-ekitaldi» batera joateko. Ekitaldiaren zioa honako hau: «Gure udalerrian demokrazia ezarri zenetik 30 urte bete dira».

Jasotako gonbidapen honen aurrean, Amorebieta-Etxanoko udaletxean ezker abertzalearen ordezkari gisa jardun dugunok honako hau adierazi nahi dugu:

1. Benetako demokrazia eraiki al da Zornotzan? Herritar guztion ordezkariak al daude udaletxean? Herritarron hitza errespetatzen al da Zornotzan?

Errealitateak beste gauza bat dio. 1.697 zornotzarren hitza udaletxetik kanpo geratu zen 2007ko hauteskundeetan. 1.697 zornotzarren ordezkariak betatuak izan ziren udaletxean eta beraien ordez beste hiru zinegotzi-lapurrek kargua hartu zuten. EAJ-PNVk inolako lotsa barik hainbeste kritikatzen duen PSOErekin bat egin zuen lapurreta gauzatzeko.

2. Antolatu duzuen ekitaldi honi amaiera emateko bazkaria izango da, diru publikoarekin ordaindutako bazkaria, noski. Alkoa, Kamelot, Ormazabal, El Karmen paperfabrika eta beste hainbat enpresa eta tailerretatik, zornotzar ugari kanporatuko dituzte. Pairatzen dugun krisi egoera honetan Udalak honelako luxuzko bazkaria antolatzea iraingarria da.

3. Azken 30 urteetan zinegotzi izandakoen artean hildakoak ere badira. Hauek ere, inolako errespeturik gabe eta duzuen sentsibilitatea erakutsiz, bizirik egongo balira bezala gonbidatu dituzue. Lardaskeria hutsa zuen lana.

4. Azkenik, ez dugu ahaztu behar zinegotzia izandako eta kalean egon beharko lukeen preso politikoa. EAJ-PNVrentzat ez da existitzen. Oroitu ere ez da egin berataz eta are gutxiago gonbidatu.

Ez dakigu gonbit honen atzean autokonplazentzia dagoen, harrokeria agian, probokazioa akaso? Jakina, zuok badaukazue zer ospatu, 30 urte hauetan boterean egon zarete-eta etengabe.

Benetako demokrazia lortzen dugunean ospatuko dugu. Gure ordezkariak ere udaletxean direnean, herritarron hitza errespetatzen denean, Boroako zentrala demokratikoki zarratzen denean, bakea heltzen denean, subiranoak izan bagarenean, autodeterminatuko garenean...

On dagizuela bazkariak. Bete zuen sabelak, sakelak jada beteta. Ordezkatu gure aulkiak, jatetxean ere bai. Ondo jan gure diruarekin baita ere. Ez edan larregi, biharamunean buruko minak etortzen dira eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo