Udalbiltzaren auzia Europan salatzeko ekimena abiatu dute
Udalbiltzaren sumarioan auzipetutako hautetsiek eta langileek idazki bat argitaratu dute beren lanaren berri emanez, eta horren ondorioz pairatu behar izan duten zigorra salatuz. Mila sinaduratik gora bildu dituzte dagoeneko, eta udaletako ordezkariei eta hala izandakoei atxikimendua ematera dei egin diete. Idazkia Europako Parlamentuan aurkeztuko da. Euskal herritarren bozak emandako ordezkaritzatik, «nazio eraikuntzaren aldeko lanean» aritu dira.
Jasone MITXELTORENA |
Euskal Herriko udaletako ordezkariak elkartu, eta nazio eraikuntzarako lanean urrats sendoak ematen hasi zenean, Udalbiltzak «eraso judizial eta poliziala pairatu zuen», eta une honetan, erakunde horretan lanean zebiltzan 22 lagun epaiketaren zain daude. Atzo horietako batzuk eta horiei babesa eta elkartasuna adierazi nahi izan zieten hainbat alkate eta zinegotzi Iruñean bildu ziren, beren egoeraren berri eman, Udalbiltzaren lana eta eginbeharra ezagutarazi, eta gertatutakoa nahiz izan ditzakeen ondorioak salatzeko deia eginez. Izan ere, auzipetuek adierazpen bat prestatu dute Europako Parlamentuan auzia salatzeko, eta beraz, dagoeneko mila sinaduren babesa jaso duen idazki horri atxikimendua ematera dei egin zieten alkateei, zinegotziei edo udaletxeetan lan egiten dutenei.
Bost urte pasa dira. Orduan 13 lagun izan ziren atxilotuak, hainbat hilabete kartzelan eman zituztelarik, eta «bulegoak zelofanarekin itxi zituzten bezala isilarazi nahi izan zuten euskal herritarren ahotsa». Udalek eta herritarrek borondatez emandako dirua blokeatu zuten; «euskal herritarren dirua lapurtu zuten». «Nekez eta kostata egiten dira bideak, eraikitzen dira ametsak. Egun batetik bestera zapuztu ahal dira, ordea», jakinarazi dute hautetsiek beren idazkian. Beraien apustua herritarron eskubidetzat duten «nazio ordezkaritza» sortzen saiatzea izan zen. Komunitate historikoa eta kulturala izanik, «komunitate politikoa osatzeko eskubidea ere badaukagu», aldarrikatu zuen Udalbiltzak, eta, gaineratu, «bagarela nor aldarrikatzeko, eta nor hori eraikitzen laguntzeko». Baina «amets hori errealitate bihurtzen hasia zenean», Baltasar Garzon epailearen zigorra iritsi zen: «Espainiak, hondeamakina judiziala eskuetan, erauzi nahi izan zuen Udalbiltzaren etxola. Etxola xumea zena, baina lehen aldiz hainbat mendetan, Euskal Herri osoaren herri ordezkaritza bere baitan aintzat hartzen zuen instituzioa, gezurrez eta bortxaz lurrera bota nahi izan zutena».
«Ez dira alferrik egindakoak»
Eraso horrekin batean «hauteskundeetan parte hartzeko eskubidearen urraketa sistematikoa» etorri zela oroitarazi zuten atzo. Hala ere, ez zioten etsipenari lekurik utzi nahi izan: «Bost urte pasa dira eta egoera hobea denik ezin da esan. Hala ere, sekula ez dira alferrik izaten egindako bideak. Bake eta elkarrizketa prozesu batek porrot egin izanak ez du esan nahi gauza bat baino: berriro saiatu beharra dagoela, horretarako behar den besteko denbora eta talentua metatuz».
Hein horretan, Udalbiltzak «tresna baliagarria» izaten segitzen duela ohartarazi zuten: «Lan politiko eta instituzionala egiteagatik kartzelarako bidean egoteak berriro ere udal hautetsiek euskal herritar guztien eskubide zibil eta politikoak bermatzeko bidean eragile aktiboak izan behar dutela esan nahi du». Horregatik, «elkartasun eta duintasunetik etorkizun aske eta justua eraikitzeko» deia egin zuten Udalbiltzako ordezkariek.
Atzo jendaurrean agertu ziren beren lana beti publikoa izan dela azpimarratuz. Horietako 22 laguni «talde armatuko kide» izatea leporatzen diete, 10 eta 14 urte bitarteko zigor eskaerekin. Eginbideak amaitu dira, eta beraz, epaiketaren zain daude.
«Komunitate kulturala eta historikoa izanik, komunitate politikoa osatzeko eskubidea» aldarrikatu du Udalbiltzak, eta oroitu duenez, aipaturiko helburua lortzeko bidean laguntza emateko sortu zen.
Udalbiltzako kideen jarduera «beti publikoa» izan dela azpimarratu zuten atzo. Halaber, «eskubide guztiak aitortzeko eta gauzatzeko» lan egitea ezin dela «zigorgarria» izan aldarrikatu zuten.