Aizkora Euskal Herriko Txapelketa
Maila nagusirako bidean, Errezilen izango da geldialdia
Bihar, 17.00etan hasita, Mugertza, Zubiaga, Elorriaga, Rekondo, Mindegia, Kañamares, Belarra, Ugarteburu, Teietxea, Lasa eta Otaegi lehiatuko dira.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Aizkolarien Euskal Herriko maila nagusirako bidean, bihar izango da lehen geldialdia Errezilen, bertako eskoletako jolastokian egingo baita kanporaketa 17.00etatik aurrera.
Honako hauek parte hartuko dute: Mugertza, Zubiaga, Elorriaga, Rekondo, Xabier Mindegia, Kañamares, Belarra, Ugarteburu, Teietxea, Otaegi eta Lasa. Bakoitzak, hiru kana-erdiko, 60 ontzako bat eta oinbiko bat moztu beharko ditu. Lehenengo seiak finalerako sailkatuko dira. Normalean azkeneko biek ere maila galtzen dute, baina aurten hiruk uko egin diotenez -Larretxeak, Bihurrik eta Etxebestek-, bihar lehian arituko direnetatik inor ez da mailaz jaitsiko.
Aizkoran, bihar, 12.00etan, Durangoko Ezkurdi pilotalekuan Bizkaiko Irekiko finala jokatuko da. Bertan, Lopez eta Mendieta Arrospideren eta Atutxa II.aren aurka neurtuko dira. Lan ezberdinak egin beharko ditu bikote bakoitzak, eta dena denborarik gutxienean amaitzen duenak irabaziko du.
Beste txapelketak
Asteburua txapelketaz beteta dator. Sokatiran gaur jarriko da abian goma gaineko denboraldia. Alde batetik, gaur, Ibarran, 17.00etatik aurrera Euskal Herriko Laukoa abiatuko da. Lehen ekinaldia 320 kilotan jokatuko da, eta honako hauek parte hartuko dute: Sokarri, Auzolan A, Auzolan B, Abadiño A, Abadiño B eta 6 Conceyos.
Bihar, 11.00etatik aurrera, Arbizun hasiko da Nafarroako Zortzinako Txapelketa. Lehen ekinaldian, mutilak 640 kilotan arituko dira, eta hor Amaiur eta Berriozar lehiatuko dira. 500 kilotan, berriz, emakumezkoak arituko dira lanean, eta pisu horretan, Sakana, Beti Gazte, Amaiur eta Txantrea izango dira nor baino nor.
Idi-probetan, berriz, gaur Bizkaiko finalak jokatuko dira Gatikan, 17.00etatik aurrera. Bertan Bizkaiko probaleku ezberdinetan punturik gehien lortu dituzten bikoak lehiatuko dira nor baino nor. Gaurko finalean honako uztarri hauek arituko dira: Landazabal, Txertudi, Nardis, Bilbao, Pedernales eta Iketza. Ekinaldiak 17.00etan eta 22.00etan jokatuko dira. Goizean pisua hartu eta zozketa egin ostean jakingo da noiz arituko den bakoitza.
Lasto-jaurtiketan, berriz, Euskal Herriko finala jokatuko da Zollon, bihar eguerdian, 12.00etatik aurrera.
Mundu mailako dokumental bat ari dira prestatzen herri kirolei buruz, eta gaur goizean jaialdia Elgoibarren izango da. Astelehenean, berriz, segalariak, izango dira Zaldibian.