Lau eta Erdiko Txapelketa
Aitzakiak ere amaitu dira
Eibarren emandako erakustaldiaren ondoren, Olaizola onenak jokatuko du gaur Barriolaren kontra.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Abel Barriolak eta Aimar Olaizolak beraien kirol ibilbidea goitik behera markatu duen norgehiagokaren beste atal bat biziko dute gaur arratsaldean Iruñeko Labrit pilotalekuan (18.15, Telecinco). Irabazleak izango duen saria, gainera, ez da edonolakoa: Lau eta Erdiko Txapelketaren finalean postu bat ia ziurtatuta izatea. Ikusmina ere, halakoxea: sarrerak asteartean agortu ziren eta kantxako eserlekuren bat bakarrik geratzen da.
Ia ezinezkoa da bi pilotari nafarrek elkarren aurka zenbat aldiz jokatu duten esatea, are eta zailagoa denak gogoan izatea. Horregatik, egokiagoa da azken aurrekariak aipatzea. Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketaren finala izan zen, hain zuzen ere, bien arteko azken neurketa eta, orduan, Barriolak 22 eta 11 menderatu zuen Olaizola II.a. Pixka bat atzerago eginda, eta iazko txapelketaren finalerdietako ligaxka aztertuta, orduan ere Barriolak 22 eta 18 irabazi zuela ikus dezakegu, Donostian jokatutako partidan.
Hala ere, pilotariek esan ohi duten moduan, partida guztiak ezberdinak dira. Are gehiago Aimarrek aurreko igandean emandako erakustaldiaren ondoren. Goizuetako aurrelariak zalantza guztiak kolpetik uxatu zituen Titinen aurkako partidan eta argi utzi zuen aurten ere kaiolako txapela janzteko faborito nagusietako bat dela. Eibarren dena ezin hobeto irten zitzaion, erremate guzti-guztietan asmatu zuen eta eskuin sorbaldako minak ez zion batere eragozpenik sortu. Egia da Titinek ez zuela bere maila eman, eta hortxe egon daiteke zalantza handiena: lortuko al du Barriolak Olaizola defentsan behartzea?
Orain arte ikusitakoaren arabera baietz pentsa daiteke. Julen Retegiren aurka bigarren zati ikusgarria jokatu zuen leitzarrak eta Irujoren aurka ere sekulako erritmoan jokatu behar izan zuen. Agian ez du tantoa amaitzen beste urte batzuetan bezainbeste distira izan, baina bere jokoak aitzakia gutxi du.
Neurketa, beraz, oso parekatuta dago eta apustulariek ere ez dute batere argi dirua zeinen alde jokatu. Badirudi dirua zertxobait Olaizolaren alde irten daitekeela hasieran, baina markagailuan aldaketak egon bezain laister joera aldatu egingo da, zalantzarik gabe.
Jaialdia 17.15ean hasiko da, hiru partidaz egongo da osatua, eta lehen partidan Koka-Otxandorena bikoteak Olaizola I.a-Zearraren kontra neurtuko ditu indarrak.
Zaldibar
Onsalo 22 / Jauregi 4; Renobales-Arraztoa 18 / Erauzkin II-López 22.
Iruñea (17.15)
Koka-Otxandorena / Olaizola I-Zearra; Barriola / Olaizola II; Agirre-Oteiza / Beloki II-Rai.
Burgos (20.00)
Antxia-Mitxelena / Lasa-Larramendi; Mikel-Altuna / A.Gómez-Gorriti
Galarreta (16.00)
Matxin VI-Gaztelu / Matxin IV-Etxezabal; Ezkurra-Etxabe / Zeberio II-Etxeberria III; Iñigo-Eizagirre / Juaristi-Iriarte; Uterga-Agirrezabala / Agirresarobe-Badiola.
Deportivo (17.00)
Altadill-Ziskar II / Zulaika-Beldarrain; Urkia-Imanol / Gaubeka-Larrinaga; Zarraga-Galan / Iriondo-Ibargarai.
Urretxu (15.30)
Etxabe-Argain / Fernandez-Montes; Pierola-Unanue / Redondo-Gurrutxaga; Bañales-Zabala / Jauregi-Elizegi; Dominguez-Lucas / Zabala-Arrondo; Tijero-Urbieta / Arriola-Garaialde.